ESZENA

“Keinu”, antzerkiaren abenturan murgiltzeko proposamena

Artedramak eta Kultur Etxea Fundazioak elkarlanean, arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi diete jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko, Keinu egitasmoaren bidez.

Horretarako, Gernika-Lumon arte eszenikoen mundura lehen pausua emateko tailer trinkoak eskainiko dituzte euskaraz, eta horiekin batera antzerkigile ezberdinen begirada ezagutzeko tartea ere. “Antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da gure erronka nagusia beste behin ere. Saio hauetan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea gustatuko litzaiguke eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea gurekin. Antzerkiaren transmisioa, unibertsoa, aldarrikapena orain eta hemen gure Keinuri esker.”

Irudimena Dantzatuz, (Mugimendua) izenburupean, maiatzaren 8 eta 9an, Ziomara Hormaetxe arituko da. “Dantza gure egunerokotasunera eramateko aukera bat bezala ikusten dut tailer hau. Gure eguneroko bizipenak mugimendura eramateko aukera bat. Irudimenerako zabalgunea, ate ireki bat. Bakoitzak bere irudimenean eraikitako irudiak izango dira mugimendua lantzeko abiapuntua”.

Maiatzaren 15 eta 16an, Maren Basterretxea arduratuko da Biziarazi, (Txotxongiloak) izeneko tailerraz. Haurrak txotxongiloen antzerkira hurbiltzea du helburu tailer honek. “Ezagutzen al dugu txotxongiloen mundu zabala? Munduko kultura guztietan aurki daitekeen fenomenoa da titerea, eta material zein ezaugarri guztietakoak daude. Objektu sinpleenari irudimen eta teknika apur batekin bizia dario. Gizakion itxura hartzen dute, baina imaginatu ezin ditugun horiek ere egin ditzakete txotxongiloek, gure gaitasunetatik kanpo doaz. Hortik, Jainko Txiki bezala izendatzea zenbaitek. Gure gorputza eta objektuak jarriko ditugu jolasean tailerrean zehar txotxongiloen biziaren oinarriak ulertu eta praktikan jartzeko”.

Azkenik, Gorputza, Espazioa eta Irudimena. (Antzerkia) izeneko tailerra emango du Eneritz Artetxe adituak, maiatzaren 22 eta 23an. Saio horietan “gorputzarekin, espazioarekin eta irudimenarekin jolastuko gara. Gorputz eta ahots adierazpena landuko ditugu, irudimenezko egoera ezberdinetan murgilduko gara eta hainbat pertsonaia gorpuzteko aukera izango dugu”.

Izena emateko info@artedrama.eus helbidera idatzi ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button