MUSIKA

Nadja, Orthodox, Thisquietarmy eta Malke, Gasteizko Cosmic Fest jaialdian

Gaur, Gasteizko Helldorado aretoan, Cosmic Fest jaialdia egingo da, gitarra pisutsuen eta muturreko proposamenen jarraitzaileentzat ezinbesteko zita: metal, drone, esperimentazioa, doom…

Orthodox Sevillakoak dira, 2004an elkartu ziren, eta doom metala jotzen hasi izanagatik ere, egun askotariko estiloetan murgilduta daude: jazz, psikodelia, stoner… Atzerriko hainbat kontzertutan jo dute. Bitxikeriak biltzen dituen Axis (Alone Records) da andaluziarren lan berrienetarikoa, iaz Supreme izenburuko CDa ere plazaratu zuten arren. Azken lan horietan free-jazzaren esparrura gerturatu dira.

Aidan Baker musikariaren eta bere emazte Leah Buckareff-en egitasmoa da Nadja. Proiektu horretan, gitarra riff pisutsuak eta geldoak biltzen dira, giro zaratatsu eta hipnotikoak eraikitzeko. Drone, doom eta shoegaze estiloetan mugitzen dira. 20 diskotik gora grabatu ditu bikoteak.

Thisquietarmy Montreal hiriko taldea da. Bere jarioan giro ilun eta melodikoak nagusitzen dira, post-punk, shoegaze, krautrock edo black metal estiloetako elementuak uztartuz. 30 grabazio inguru argitaratu dituzte.

Azkenik, Malke Bartzelonako taldea da. Hirukotea 2013an eratu zen, eta bere estiloa post-metal gisa definitu dute adituek. Godspeed You! Black Emperor, Russian Circles, Callisto, Year Of No Light edo Sumac daude katalanen erreferentzien artean. Laster, lehenengo diskoa plazaratuko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button