MUSIKA

Nabil taldeak “Eter” izenburuko lana argitaratu du

Uhinak Komunikazioa agentziak jakinarazi duenez, “Aristotelesen esanetan naturan ba omen zen Eter izeneko 5. elementua. Espazioaren materia da, beste laurak batzen dituena. Hori da hain zuzen ere, Lekeitioko Nabil taldearen disko berriaren izenburua: Eter. Laukoteak rock garaikidea jorratzen du, askotariko estiloen zertzeladekin jantzia: “rock, bossa nova, folk, metal, elektronika…”.

Diskoak dozena  bat doinu biltzen ditu, eta askotariko estudio eta teknikekin jaso da, “kantu bakoitzak soinu bat, momentu bat eta sentimendu bat islatzen dituelarik”.

Grabazio horretan, gainera, hainbat musikarik parte hartu dute, tartean, Keu Agirretxea gitarrista, Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren ahotsetan edo Cobra eta Kokein taldeetako kide Haritz Lete, zeinak bere ahotsa sartu duen.

Metal estilotik zetorren Unai Egia musikariak abiatu zuen Nabil 2007an. Orduan, Bere begiei izenburuko lana plazaratu zuen, kasik bakarkako lana dena. “Ura elementuaz bustiriko diskoa”. Haren ondotik, beste hiru lan etorri ziren: Egunsenti bat lez, 2010ean, lurra elementuari lotua; Oroimenen mosaikoa, 2013an, aireari buruzkoa; eta, azkenik, Ordu Kiskaliak, 2015ean, Suaren inguruan ardaztua.

Laukoteak ostiralean, hilak 16, aurkeztuko du Eter Lekeitioko Azkue Aretoan. Apirilaren 13an, halaber, Etxebarriako Elizpe rock jaialdian joko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button