ESZENA

“Mutildantzei” bizi berria emanez

Gaur goizean, Bilboko Euskal Museoan, Aiko Dantza Taldeak Mutildantzak izeneko CDa aurkeztu du. Patxi Laborda eta Sabin Bikandi “inkonbustibleak” izan dira azalpen guztiak xehetasunez -eta musikaz eta dantzaz- emateko hurbildu direnak. Ez dago CDrik horrelako musika eta dantzak biltzen dituenik, hortaz, erronka CD moduan plazaratu da.

Aiko Taldeak zigilu diskografia berria estreinatu du eta horretan bertan argitaratu du Mutildantzak CDa. Bertan soinu berritzaile eta ausarta eskainiz, bizi berria eman nahi izan diete mutil-dantzei, “nor bere buruarekin ikasteko musika du hor, gainera youtubeko kanalean dantza guztiei eginiko bideak ageriko dira laster batean”

Taldekideek adierazi dute “dantzak ez direla betikoak eta ez direla beti berdin dantzatzen, bizirik daudela. Norbaitek sortzen ditu eta denborarekin aldatu egiten dira, dantzatzen dituen gizartea aldatzen den legez”.
Mutil-dantzak denborarekin egokituz joan diren dantzen adibide paradigmatikoa dugu. “Heldutasunerako bidean, Baztango gazte ezkongabeentzat transizioa erritual izan ziren aspaldi batean. Duela 100 bat urte, Eusko Ikaskuntzaren kongresurako bateratu eta estandarizatu ziren Baztan eta baztandarren identitate ikur bilakatuz, eta mutildantzak dantzatzeko erronkari erantzuteko gai ziren guztiak dantzatzeari ekin zioten. Maurizio Elizalde bezalako txistularien eskutik, guregana heldu dira gure folklorearen azkenetariko erronka koreografikoa bilakatuz”.

Aiko Taldeak jantzi berri bat jarri dio dantza mota horri, soinu eta kolore berriekin, akorde eta polifoniaz emanez, txistu-danborra beste tresnekin lagundurik, beti ere dantzariei laguntzeko, “ izan ere, doinuak buruan izan behar dira eta urratsak barneratu, musika jarraitu eta adi-adi egon, bestela galdu egingo zara”.

Datorren larunbatean, ekainaren 16an, Aikok Durangon egingo du lan berriaren aurkezpena Dantzazale Egunaren kariaz. Egun horretan dantzaz beteko dira herriko kaleak, eta gainera, gero Plateruenan izango da erromeria galanta. Tailerrak ere egingo ditu taldeak, dantza horiek ikasi nahi dituenak baliabide guztiak eskura izan ditzan.

Aiko Taldearen webgunean izango duzue informazio gehigarria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button