ESZENA

“Zazpi aldiz elur” emanaldia, bihar Angelun

Angeluko Mediatekan Laboa gertutik kantari mitikoaren inguruko erakusketa interaktiboa abiatu zen otsailaren 14tik 28ra, eta izan duen arrakasta ikusita, Mikel Laboaren omenezko beste hitzordu bat antolatu dute aste honetan. Hala, Ttanttaka Teatroa taldeak Zazpi aldiz elur ikusgarria eskainiko du bihar, martxoaren 26an, 20:30ean, Quintaou Antzokian.

Honela dio obraren sinopsiak: “Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan), lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela…”.

Bada, proiektuak Atxagak Erlea aldizkarian idatzitako Laboari buruzko Zazpi aldiz elur izeneko testuan du abiapuntu. Hala, obran poesia, musika eta antzezpena uztartzen dira. Horrekin batera, azpimarratu behar da Zumetak egin duela ikuskizunaren kartela. Musikari dagokionez, Laboaren eta beste artista batzuen piezak tartekatuko dira.

Lana zazpi ataletan egituratzen da, eta atal bakoitzean Laboarekin lotuta alde bat jorratzen da; elurra zazpi atalak lotzen dituen haria izango da. Antzezlanaren zuzendariaren arabera, emanaldietara hurbilduko direnek Laboarekin berriro aurkitzeko aukera izango dute, bai eta artista oso pertsonal eta aske bat ezagutzeko parada ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button