MUSIKA

“Musikaire” jaialdiarekin kulturaz jantziko dira Elorrioko kaleak uztailean

Musikaire udako jaialdia datorren ostiralean, uztailak 5, abiatuko da Elorrion, eta aurtengoan ere,  hiriak gordetzen dituen txoko eta ondare zoragarriak, antzerki emankizun eta musika doinu eta estilo anitzen oholtza ezin hobea bihurtuko dira.

Uztaileko asteburuetan izango dira hitzorduak, gaueko ordutegietan eta uztailaren 28ra arte; egitarau oparoa iragarri dute antolatzaileek. Musika klasikoa, jazza, latin jazza, bluesa, rocka edota afrokubatar doinuak izango dira gozagai aurtengo programazioan. Eta antzerki eta dantza emankizunik ere izango da.

Hala, datorren ostiralean, gaueko 22:30ean, herriko plazan, Joseba Tapia izango egitarau horri hasiera emango diona, Vint Anys bere bakarkako azken lanarekin. Hogei urte dira dagoeneko bakarka musika egiten hasi zela, eta urteurrenaren aitzakiarekin, proiektu berri bat hasiko du berriz ere trikitian. “Vint Anys lanarekin, herri musika berri eta duina proposatzen du, berriro trikitixa gerrian duela. Kantagintza modernoa eta musika herrikoia uztartzea xede duena. Folk progresista bat osatu nahian, etengabeko berrikuntza bilatzen du Joseba Tapiak, kantu berria, kantu berritua, kantatzeko izango den errepertorio berria”, adierazi dute antolatzaileek.  Bere lanaren estreinaldiko kontzertu honetan, ondoan izango ditu Iñar Sastre pianoan, Iker Uriarte  jazpanan, Asier Ituarte tronboian, Iñigo Telletxea baxu elektrikoan, Jon Celestino tronpetan, Nerea Erbiti perkusioan eta ahotsean, Ibon Irijoa saxoan, Leire Berasaluze Letu eta Kristina Aranzabe ahotsean.

Eta larunbatean, uztailaren 6an, ordu eta toki berean, Las Maravillas de Mali kubatar taldearen musika afrokubatarra izango da gozagai. Mali eta La Habana batuko dituzte euren doinuek. Kubatar musikaren eta folklorearen eragina alde batetik, eta euren erro erritmikoak bestetik, izugarrizko fusioa garatu dute, World Music estiloa elikatuz, eta Maliko eta Kubako doinuak ordezkatuz.

Datozen asteburuetan ere proposamen interesgarririk ez da faltako Musikaire jaialdian. Hala, Garikoitz Mendizabal & Xabi Zabala & Kaabestri Ensenbleren folk klasikoa; AEBtako eta Espainiako Arturo O´Farrill & Antonio Lizanaren latin jazza; Ray Fernandez Kubatar Trobadorea; Robert Smith Blues bandaren blues Holandarra; AEBtako eta Espainiako Maureen Choi Quartet  taldearen jazz doinuak, edota Izaki Gardenak Euskal Rock talde mitikoa ikusteko aukera iragarri dute antolatzaileek.  Eta dantza garaikidea eta antzerki ikuskizunik ere ez da faltako egunotan.

Programazioaren xehetasun guztiak, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button