Nontzeberri

Musika lagunekin eta lagunartean

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak 2014an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa, eta lau urte igaro ostean, egitasmoaren buru Irazoki bere lagunekin bildu da berriz ere Zu al zara? izenburuko lana grabatu eta argitaratzeko. Bigarren disko hori ere Bidehuts markapean atera zen, eta Irazokiren koadrila  zuzenean ari da aurkezten lan hori. Horrela egingo dute gaur berton, urtarrilak 24, Baionako Le Magnéto aretoan. Taldearekin batera, Ekiza kantariak kontzertua egingo du.

Irazoki bakarka eta makina bat talde eta artistarekin ere aritzen da, tartean, Nacho Vegas; hain zuzen ere, musikari asturiarrak idatzi du Zu al zara? grabazioaren promozio orria, eta Vegas honelako laudorioak bota dizkio Berako musikari trebeari: “erranen nuke bere osotasunaren erakusgarria dela orain Lagunak taldearekin ekarri digun Zu al zara? (Bidehuts, 2018) diskoa. Bertan, taldearekin batera, Irazokik agerian uzten digu bere soinu unibertso joria, tarteka bortitzak izatera iristen diren instrumentu joaldi txundigarriak samurtasunaren eta amorruaren artean murgiltzen diren kantekin batuz, ahotsa modu dotore bezain durduzagarrian erabiliz; nolanahi ere, harrigarria. Baliteke Euskal Herrian izatea nolabaiteko triangelu soniko bat, zeinaren erpinetan Lisabö, Mursego eta Joseba Irazoki eta Lagunak dauden, eta haren aldeak izatea ozeano bat bere baitan biltzen duten mugalerroak, abanguardia musikala rock garaikidearekin eta folk tradizioarekin gurutzatzen den lekua; hori dena hartuz halako zentzu zabal batean, zeinari bakarrik antzeman dakioke artista hauen obretan murgilduz”.

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) 2016an kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. 2017an, halaber, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu du. Single bat ere kaleratu du, Presondegia, itsaso zakar bat, 2017an. Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Hortaz, gaur, lagunen arteko musika lagunkoia, Baionan.

Exit mobile version