Nontzeberri

“Musika Haizeak 2020” kontzertu zikloa, Markina-Xemeinen

Markina-Xemeinen Musika Haizeak 2020 zikloa abiatuko dute otsailaren 6an. Guztira hiru kontzertuk osatuko dute programazioa.

Diogun bezala, bihar bertan abiatuko da ekimena, 20:15ean, Karmengo elizan, Cantoría taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Ahots laukote hori (Ines Alonso sopranoa, Samuel Tapia kontra-tenorra, Valentin Miralles baxua, eta Jorge Losada tenorra eta zuzendaria) Espainiako Urrezko Mendeko musikan eta Italiako Errenazimenduan espezializatuta dago, eta bere errepertorioan freskotasuna, gaztetasuna eta hurbiltasuna transmititzen ditu.

Datorren asteko larunbatean, hilak 14, ordu eta toki berean, Garazi Navas musikariaren txanda izango da. Usansolon jaioa, Garazi Navas, Musikenen litzentziatua eta jakin-minez betetako akordeoi-jolea da. Etorkizun ederreko gazte honek, hainbat  proiektutan parte hartu du (Bilboko Orkestra Sinfonikoan, esaterako) eta  sari asko jaso ditu. Kontzertu honetan, musikagile garaikideen konposizioak joko ditu, besteak beste.

Azkenik, otsailaren 21ean, 20:15ean eta Karmengo elizan, Zilarra Quintet taldeak kontzertua eskainiko du. Boskote horrek Astor Piazzolla konpositorearen musika-lanak interpretatuko ditu. Taldea Maitane Arretxe Olazabal (akordeoia), Iker Bilbao Ibarguen (biolina), Jose Belda Ruiz (gitarra), Lucia Arzallus Marco (pianoa) eta Antonio Muedra Ventura (kontrabaxua) musikariek osatzen dute.

Exit mobile version