ESZENA

Musika, gorputzak eta hitzak nahasturik

“Nola sentitzen dira Tabakalerara joaten diren gazteak? Zer harreman dute eraikineko espazioekin? Nola erabiltzen eta bizitzen dituzte? Zer kultura-erreferente dituzte? Zein sortzen dituzte beraiek?” Galdera horiei erantzuteko asmoz, Tabakalerako Hezkuntza taldea Harrotu ileak proiektua lantzen aritu da ostiralero ikasturtean zehar.

Eta bihar bertan, ekainaren 21ean,  ikasturte osoan zehar gazte talde batek Maria Zapatarekin batera (AntzerkiZ) sortu duen Bideak harrotzen antzerkiaren aurkezpen ofiziala egingo da kalean.

“Gazteen ezaugarrietatik abiatu den antzerki soziala da, musika, gorputzak eta hitzak nahasten dituena. Landu diren gaien artean migrazio prozesuak, itxaropen eta ametsak edo beldur eta injustizia sozialak daude, horiek gure gorputzetan haragiztatzen ditugu egunerokoan eta gure gorputzen bidez adieraziko ditugu kalean.”

Ikasturtean antzerkia ardatz hartuta eta Maria Zapata Hidalgoren (antropologoa eta zapalduen antzerkian aditua) laguntzarekin, “Harrotu Ileak osatzen dutenen bizipenak, gorputzak eta harremanak zeharkatzen dituzten gaiak landu dira: alteritatea, botere-harremanak, identitatearen eraikuntza, arrazismoa, komunikazioa eta hizkuntza, kalteberatasun-egoerak… Gai horiek guztiak lantzen dituzte, desberdinen arteko aintzatespen-, hausnarketa- eta topaketa-espazio bat sortzeko asmoz”

Hortaz, emaitza zertan den ikusi nahi baduzue, bihar, ekainak 21, 19:00etan, eta Donostiako Nestor Basterretxea plazan duzue hitzordua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button