ARTEA

Leire Salaberria ilustratzailearen lana, GKo Galleryn

Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarraren lan ederrak ikusteko parada dago, Tolosako GKo Galleryn, martxoaren 8ra arte. Artista gipuzkoarraren hainbat lan ikusgai dauden arren, Susanna Isernek idatzitako eta Salaberriak berak marraztutako Dónde estás CARACOL liburuak leku berezia du erakusketan.

Hainbat teknika uztartzen ditu bere collage lanetan. Sorkuntza prozesuan, behin ideia bururatzen zaionean konposaketaren zirriborroa egin ohi du. Zein akabera izango duen aztertzen du (kolorea, paper mota…), hondoa sortzen du (azkenaldian akrilikoz edo kolorezko arkatzez egiten du) eta ondoren pertsonaiak sortzen ditu: objektuak, landareak, animaliak…
Pertsonaia eta irudi horiek beste paper edo kartulinetan marrazten ditu, emaitza moduan bat-batekotasunarekin jolas egiten duen collagea lortuz.

Euria ari duenean izeneko lanarengatik, 2011n Etxepare saria jaso zuen egile honek. Ehunduraz betetako ilustrazio-liburuak egiten ditu collagearen bidez.

Euria ari duenean lanaz gain, hainbat liburu argitaratu ditu, hala nola, El señor Ramón y la señora Ramona,  Los invitados de mi hermana, Dos medios Zorros… Javier Zabala eta Beatrice Alemagna izan dira bere eraginik nabarmenenak estiloa bilatzerakoan, bien bildumak grinaz irensten zituen ilustrazioan hasi zen garaietan.

Bere liburuak mundu osoko makina bat azokatan izan dira; tartean, Bologna Children’s Book Fair 2012an, Sharjah International Book Fair 2013an; eta, 2014an, Méxikoko IV Catálogo Iberoamericano de Ilustración-en.

Salaberria Nontzeberriko Emakume Artistak atalean dago jasota.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button