ARTEA

Musika Ex Machina jaialdi esperimentala abian da

Iragan urriaren hondarretan hasi zen Musika Ex Machina Bilboko Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia. Egitarau nagusia baina, hil honetan garatuko da, abangoardiako makina bat ekitaldi direla medio.

Ekitaldiok askotarikoak izango dira, hala nola, erakusketak, kontzertuak, performanceak eta bideo proiekzioak. “MEM 2002 urtean jaio zen. Nazioarteko jaialdi bat da, dimentsio esperimental eta ikertzilea duten adierazpen berri eta zaharrak sustatu eta bultzatzen ditu”.

Gaur bertan, azaroak 8, Santa Prudencia izeneko kolektibo gasteiztarrak kondoiaren erabileraren inguruko erakusketa inauguratuko du BlackBox galerian. Argazkiak, eskulturak, argazki muntaiak eta bideo bat jarriko ditu, gaiari umoretsu jorratzeko asmoz.

Bihar, berriz, Japoniako Osaka hiriko Yoshihito Mizuuchi artista eta performer-ak landareekin eginiko instalazioa paratuko du Arropame y… galerian. Bertan, porru batzuk marrazteko tresnak gidatuko dituzte teknologia urriko mekanismo batzuen bitartez.
Halaber, JAI DU (Belgika-Euskadi) artistak bere bi poemetan oinarrituriko bi ekintzen bideoak erakutsiko ditu.

Datorren asteari dagokionez, azaroaren 17an, larunbata, Bilboroceken, RxFxSx, Dead Rat Orchestra eta Felix Kubin artistek kontzertu azpimarragarriak egingo dituzte. Bilbon tailerra duen J. Mardaras soinu artistaren egitasmoa da RxFxSx. Bertan, doinu industrialak, elektronika pasarteak, eta zarata ugari uztartzen ditu modu inprobisatuan.

Dead Rat Orchestra, berriz, Britainia Handiko folk abstraktuko hirukotea da. Hamar urteko ibilbideko taldea da, eta emanaldietan instrumentu bitxiak erabiltzen dituzte, hala nola, organoen tutuak, disko-jogailuak, biolinak, flautak eta gitarrak. Dokumentaletarako soinu bandak ere egiten dituzte, tartean, The Guga Hunters of Ness filma.

Azkenik, Felix Kubin pop elektronikoa eta esperimentala lantzen duen ibilbide luzeko artista alemaniarra da. Kubinek abangoardiako hamaika ekimen artistikoetan parte hartu du 90eko hamarkadaz geroztik. Esate baterako, 1992tik 1994ra bitarte, KED alderdi dadaista eta komunistarekin, eta Liedertafel Margot Honecker kantari taldearekin, izaera politikoa zuten hainbat esku-hartze artistiko antolatu zituen.

Egitaraua azaroaren 29ra bitarte luzatuko da. Programazio osoa musicaexmachina.com webgunean jasotzen da. Dena dela, nontzeberrin ekitaldi guzti horien berri ere emango du hurrengo asteetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button