MUSIKA

Musika eta dantza ikuskizunak Elorrion asteburuan, “Musikaire” jaialdiaren eskutik

Elorrioko Musikaire udako jaialdiaren eskutik musika eta dantza emankizunak proposatuko dira asteburu honetan, eta hiriak gordetzen dituen txoko eta ondare zoragarriak kultura anitzen oholtza ezin hobea bihurtuko dira.

Hala, gaur bertan, Robert Smith Bluesband  Herbeheretako Blues proposamena dakar Musikaire jaialdiak.  Robert Smithetek oholtza gainean 40 urte daramatza, Herbeheretan, blues musikaren erreferente dela. “Benetako blusman baten aurrean gaude. John Mayallen estiloa eta Eric Burdonen ahotsa batzen ditu aldi berean”. Bere errepertorioak Chicagoko Blues eskola zaharren doinuetara eramango gaitu.

Bihar, larunbata, uztailak 20, jazz musika izango da protagonista, Maureen Choi Quartet AEBetako eta Espainiako musikariz osatutako taldearen eskutik. “Maureen Choi bibolinjole paregabea da, txundigarria, teknika inbidiagarria duena, bere biolinari darion sentikortasunarekin publikoa liluratzeko gai da. Zuzenean entzutea oroitzapen ahaztezina da”, ziurtatzen dute antolatzaileek. Bere musika folklorearen, flamenkoaren eta jazzaren uztarketa bat da, “laukote harmonikoa, inprobisatzen ari direnean ere erabat sinkronizatuta dagoena”. Musika proposamen biak, gaueko 22:30ean hasiko dira, oholtza paregabean: Tola Jauregi ederrean.

Eta igandeko proposamenak aldiz, dantza garaikidea dakar. Lau dantza pieza oholtzaratuko dituzte lau konpainiek igandez, arratsaldeko 19:30ean hasita. Lehena, Shōjo koreografia izango da, Mey-Ling Bisogno konpainiaren eskutik datorrena. Aiala Etxegarai eta Eduardo Ramirez ditugu oholtza gainean, Martin Ghersa eta Isabel Romeo musikarien doinuan eta erritmoan dantzan. Perkusio japoniarra, rocka eta musika elektronikoa uztartzen dira dantza pieza honetan. “Mangatik sortutako pertsonaia da Shōjo, neskato txiki eta inuxentea. Metamorfosis dantza baten bitartez sorgindu nahi zaitu, botere borrokaren barruan”.
Bigarren ikuskizuna, Lasala konpainiaren  Fight dantza pieza da, gizakiak borrokarekin duen harreman primitiboan oinarritutako koreografia. “Borroka betidanik izan da presente Lasala-ko kideon bizitzan eta bizitzarako ez ezik, dantzako ere funtsezko elementu gisa ikusten dugu”.
Ondoren, Amaia Elizaran konpainiak Block dantza ikuskizuna dakar, dantza garaikidea komunikaziorako hizkuntzatzat hartuta, gorputza abiapuntutzat duena. Bertan, gorputzaren bidez harremanetan dauden bi emakume agertzen dira eta beraien artean kontrako indarrak eta blokeoak sortzen dira.
Eta laugarren pieza, Arima konpainiaren Sustraiak dantza pieza izango da. Gure nortasuna eratzearen beharretik sortzen den lana. “Sorreran loturarik eta baldintzarik gabeko gizaki askea agertuko zaigu. Baina era berean sustraiak lurrari gogor lotzen gaitu”. Dantzariak  Ane Perez eta Ane Leturiaga dira.

Dantza-pieza ikuskizun guztiak iraupen laburrekoak dira, eta bata bestearen ondoren ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hitzordua, igandea, uztailak 21, 10:30ean, herriko plazan.

Programazioaren xehetasun guztiak, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button