Nontzeberri

Musika eta dantza bihar, Girabira 2018 edizioarekin Irunen

Dantza ohiko eszenatokietatik atera eta espazio publikora eramaten duen Girabiraren III. edizioa ospatuko da bihar, larunbata 29an, 12:30ean hasi eta 16:30ak bitartean.

Luxuzko kartela dakar aurten, gainera. Hala, Hendaiatik dator Rouge Elea  konpainia bere Ronde – Bi ahizpa ikuskizunarekin. Zirkua, dantza, musika eta objektuak nahasten dituen ikuskizuna da. Besaulki baten inguruan eta lanpara baten pean gertatzen den bi dantzarientzako obra eta airezko pieza da. “Konplizitate, aurkaritza eta amodiozko dantza da. Abaildu, jira eta buelta, altxa eta dantza egiten du, anaitasuna goraipatzen du eta anai-arreben arteko elkar loturak konplexuak aireratzen ditu ikuskizunak”, konpainiaren esanetan.

Ondoren, 13:30etik aurrera, dantzarako abagunea eskainiko dute talde gonbidatuek. Hala, Brasildik datorren  Filipe Santos Bittencourten soinu bandaren musikaren erritmoetara dantza egiteko aukera egongo da. Bossaren erritmo beroak, samba eta folkarekin nahasten ditu, gorputza mugiarazteko erritmoak eskainiz.

Ondoren, Global Funk Sound System kolektiboaren txanda izango da gero. Edo bestela esanda,  Euskal Herriko Dj ospetsuenetako Makala,  Denis B Djak lagunduta,  afrokaribear erritmo biziekin dantza egiteko gonbita egiten duten saioa.

Dantzarako ikastaroak ere ez dira faltako. Myriam Perez Cazabon, Bidasaldeko koreografo ezagunaren eskutik, bi tailer antolatuko dira. Hala, 14:30etik hasita gaztetxoentzako, eta 15.30etik aurrera nagusientzako txanda izango da. Bertaratzea baino besterik ez dute egin behar interesa dutenek.

Hitzordua, Gain Gainean parkean, Irun (Gipuzkoa). Kokagunea hemen.

 https://girabira.net/portfolio/16-dantza-29-de-septiembre-de-2018/

Exit mobile version