BESTELAKOAK

Mariasun Landak jasoko du 2011ko “Dabilen elea” saria

Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian jasoko du saria Mariasun Landak, 2011ko azaroaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek —Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak— Mariasun Landa idazleari emango diote 2011ko Dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.

EIZIEtik jaso duzun jakinarazpenean hauxe irakurri ahal izan dugu: “Berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina… Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena, itzultzaileena…”

Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Joan Mari Torrealdai (2009) eta Itxaropena argitaletxea (2010). Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du, eta Joxan Goikoetxeak jantziko du musikaz. Juan Azpeitiak diseinaturiko oroigarria iazko saridunaren eskutik jasoko du Mariasun Landak, eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Iñaki Aldekoa editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hartuko dute parte idazlearen ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button