ESZENA

Musika, dantza bertikalak, zirkua, kaleko arteak… harresietan gora

Iruñeko Harresietako Jaialdiarekin, hiriko harresiak itxuraldatu egingo dira abuztuaren 1etik 21era bitartean, Ziudadela, Guadalupeko Bastioia, Harresiak eta O-ko Andre Mari agertoki natural paregabe bihurtuz. Hala, dantza, musika, zirku akrobazia eta dantza bertikaleko ikuskizunez beteta dator aurtengo edizioa ere Nafarroako hiriburua.

Jaialdia lau programatan banatzen da, eta hiriko lau gunetan, betiere barruti harresidunari lotuta. Ziudadelan arte eszenikoak eta kontzertuak izango dira ardatz, abuztuaren 1etik 21era, Guadalupeko bastioian Harresiak dantzan izango dira, dantza bertikaleko antzezpenez, abuztuaren 2, 9, eta 16an.

Jaialdiaren inaugurazioa, hala ere,  abuztuaren 1ean, Ziudadela inguruan, Laguntza Atearen ondoan izango da  Kukai Dantza konpainiaren eskutik, Harri  Bizia dantza eta ikus-entzunezkoa uztartuko dituen emankizunarekin. “Zergatik da harria harri? Eta bere izatearen kontra iraultzen bada? Eta amesteko gogoa pizten bazaio? Hazteko edo txikitzeko, kolorez aldatzeko… inguruko zuhaitz, belar, landareei bezala… Eta hau guztia gauez gertatzen bada, ixilpean, inor konturatu ez dadin? Gau bat, non harriak bere izaera aldatzen duen; dantza eginez, kantatuz, grisetik erantziz eta kolorez jantziz”.  Hitzordua, abuztuaren 1ean, Ziudadelan, gaueko 22:00etatik aurrera.

Abuztuaren 21era bitarte, askotariko ikuskizunez gozatu ahalko du publikoak eta programazioa osatuko duten konpainien artean izango dira, Circ Panic. Mira T konpainiaren zirku ikuskizuna; Belatza Orhiren musika; Nuc. Aigua konpainiaren dantza; La Shica eta Didi Gutman flamenko, rock, funk, rap eta abarren arteko mestizajean oinarritutako proiektua; Eia. In Tarsi konpainiaren akrobaziak; Brass Band saio ibiltaria Iruña Jazz Brass Band-en eskutik; Kolektiv Lapso Cirk konpainiaren azken zirku proposamena, edota Zonbien Inbasioa, misterioz beteriko beldurrezko gaua, Factoría de misterio y terror eta Teatro en la Chácena konpainiaren eskutik. Inbasioa, abuztuaren 17an, gaueko 21:00etatik aurrera.

Baina zalantzarik gabe, Guadalupeko Bastioian izango den Harresiak dantzan programazioak dakartzan  musika eta dantza bertikaleko ikuskizunek hartuko dute protagonismo nagusia Iruñeko Harresietako Jaialdian. Beste batzuen artean, bertan programatu dira Venti Verticali konpainiaren Quadro on Wall ikuskizuna. Bertan, konpainiako lau dantzarik harresiaren horma-atalean mugituz, “mihise biluzi bat margotzen duten koloretako lapitzak izango balira bezala, akrobazia-salto eta aire-hegaldi artean ibiliko diren ikuskizuna ederra emango dute”. Hitzordua, abuztuaren 2an, 21:30ean hasita.
Edota, B612 konpainiaren Fui piedra ikuskizuna: “harri izan nintzen, ardatza galdu nuen eta itsasora jaurti ninduten, eta denboraren poderioz, ardatza berreskuratu nuen”. Halaxe dioten bertso lerroetatik abiatuta unibertso “intimista” sortzen duen ikuskizuna da, bide ezberdinetatik koreografia mugimendu bertikalera ekarritako lana. Emanaldia laguntzen duen musikak flamenkoa eta musika elektronikoa uztartzen dituen soinu paisaia eratzen du. Hitzordua, abuztuaren 9an, 21:30etik aurrera.

Gainerako ikuskizunak eta egunez eguneko programazioa ikusteko joan iruñakulturada web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu