MUSIKA

“Musika Bizian”, Estaturik gabeko herrialdeen jaialdia asteburuan Galdakaon

Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak  izango dira protagonista asteburuan Galdakaon, Andra Mari dantza taldeak antolatu duen Musika Bizian jaialdian.

Bere V. edizioan, ezaguna da jada kultur eskaintza berezi moduan: estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da. Europako, Amerikako eta Afrikako hogei taldek parte hartu dute dagoeneko aurreko edizioetan eta aurtengoan ere luxuzko kartelarekin dator.

Hala, ostiralez urriak 26, 21:00etatik aurrera Iturriondo Plazan, Els Grullers katalandar musika folk seikoteak eta Xabi Aburruzaga trikitilariak emango diote hasiera aurtengo edizioari. Hala ere, arratsaldean zehar ez da faltako girorik herrian, Taberna Ibiltaria bandaren eskutik.

Zapatuko egitaraua ere indartsua izango da. Goiz goizetik girotuko dira Galdakaoko kaleak. Hala, Iturriondo Plazan jarriko den karpa erraldoian, euskal musika tresnez osatutako azoka izango da ikusgai, umeentzako tailer, ikastaro eta luthiers azokarekin batera 12:00etatik aurrera.

Arratsaldean kaleak girotzeaz Marmara Musik Band, jazz tradizionala eta New Orleansko swing-arekin uztartzen dituen taldea arduratuko da. Eta 21:00etatik aurrera, Iturriondo Plazan ere, kontzertua eskainiko dute, aurtengo edizioari ginga jarriz, Kornuallesetik datorren Flat & Sharps taldeak, bluegras, folk, country eta poparen arteko nahasketa eklektikoarekin; doinu arabiar tradizionalaren formak tresna elektronikoekin uztartzen dituen 47 Soul talde palestinarrak eta Esne Beltzak, reggae-a, ska edo hip hop-a eta euskal musika tradizionala nahasten dituen euskal  talde mitikoak.

Andra Mari Dantza Taldeak 2014an sortu zuen Musika Bizian Jaialdia eta orduz geroztik, bere izaerari eutsi dio: irabazi asmorik gabeko folk/rock jaialdia, estaturik gabeko nazioetako lehen mailako taldeak biltzen dituena eta kaleko musika edo familia guztiarentzako ekintzak uztartzen dituena.

Aurreko urteetan bezala, urriaren 26 eta 27an Galdakaoko kaleak eta plazak girotuko dituen jaialdi berri honek Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du, baita Ekin eta Topa Jatetxearena ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button