BESTELAKOAK

Museoen Nazioarteko Eguna, Gasteizeko Artiumen


Esplorazio-jolasak, familientzako lantegiak, erakusketak eta musika izango dira Artiumek proposatuko dituen jarduerak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Artiumek, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, jarduera-egitarau zabal bat antolatu du asteburu honetan Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, besteak beste, miaketa-jolasak, familientzako lantegiak, bisita gidatuak, Artium Bildumaren erakusketak, musika eta, amaieran, opari-zozketa bat. Maiatzaren 18aren eta 20aren artean makina bat konturekin gozatu ahalko da museo horretan.

Miaketa koaderno berri bat estreinatuko du Artiumek gaur, hain justu, gaur ospatzen baitu ICOMek, museoei eskainitako UNESCOren erakundeak, bere nazioarteko eguna. Artiumek “bere bisitarien esku jartzen duen tresna bat dira miaketa koadernoak, Museoko erakusketak modu atsegin eta berri batean korritzeko, eta bertan erakusgai dauden obren xehetasun txikiak eta ezkutukoak ezagutzeko”.

Asteburu honetan ere Artium familiarekin bisitatzen dutenek aukera izango dute antolatu diren lantegietako batzuetan parte hartzeko. Hala, larunbatean, Eraldaketak, jantziak sortzeko lantegia egingo da. Aldi berean, beste urte batez, Scratch Eguna antolatu du Artiumek, heziketaren alorreko diseinu-aplikazio hau erabili ohi duten ikasle eta irakasleen talde zabal baten parte-hartzearekin. Igandean, bestalde, Good Morning Artium! eta Mini Artium lantegiak egingo dira. Eta Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak bisita gidatuekin osatuko dira.

Igandean amaituko da Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna Artiumen, Pelaxen kontzertuarekin. Pelaxek (Unai Pelayok) bluesaren eta rockaren ildoko abestiez beteriko bere azken proiektua aurkeztuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button