LITERATURA

“Munduko Poesia Kaierak” bildumak Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologiak bildu ditu

Gaur, maiatzak 22, Susa argitaletxeak Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologiak aurkeztu ditu birtualki. Forugh Farrokhzad poetaren poemak Miren Agur Meabek ekarri ditu euskarara, eta June Jordan poetarenak Ane Garcia Lopezek.

Argitaletxeak berak idazle bakoitzaren zertzeladarik behinenak luzatu dizkigu.
Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an, Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen.

June Jordan 1936an jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihestezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen.

Munduko Poesia Kaierak bilduma 34  zenbakira iritsi da. Aurreko kaierak ezagutu nahi badituzu, hementxe dituzu denak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu