MUSIKA

Atom Rhumbak “Cosmic Lexicon” aurkeztuko du Markina-Xemeinen

Atom Rhumba laukoteak Cosmic Lexicon diskoan jasotako doinuak joko du Markina-Xemeinengo Uhagon Kulturgunean, larunbatean, 20:00etatik aurrera.

Kulturgune horren arabera, “Bilboko laukoteak, hainbat rockerok beraientzat nahiko luketen klase, intentsitate, zarata eta erritmoaren arteko konbinazioa lortu du. Cosmic lexicon diskoarekin zazpi urteko isilaldia eten du, eta zure eskeletoak behar zituen elektrizitate, zorakeria eta belztasunezko deskargekin itzuli da berriz ere”.

Hala, taldea geldirik egon da zazpi urtez, 2010ean plazaratu baitzuen bere azken diskoa, Gargantuan Melee.Atom Rhumba, baina, bueltan da berriro, lokatzetik atera eta ja oholtzak kiskaltzen ari da.

Oraingoan hauexek dira munstroa osatzen duten elementuak: Rober! (taldeburu, gitarra eta ahotsa), Joseba Irazoki (gitarra ), Andoni Etxebeste (bateria), Jaime Nieto (baxua) eta Iñigo Cabezafuego (teklak eta perkusioak). Diskoaren grabazioan jo duen bateria Felix Buff (Willis Drummond) izan da.

Bandak iragarri duenez, “taldea GUZTIA da. Gizabanakoa ez. Atom Rhumbak bizirauten du, sortutako orbanak gorabehera. Sekula ez du amorerik eman, ez esparru artistikoan, ez negozio musikal zikinean”. Premisa horretatik abiatuta, diskoa ekainean grabatu zuten, Kaki Arkarazoren gidaritzapean.

Cosmic Lexicon Bartzelonako Primavera Sound jaialdiak zuzentzen duen El Segell diskoetxearen bidez kaleratuko da ostiralean bertan, eta ohiko proposamen rhumba zalea gordetzen du: blues sutraidun rock’n’roll zaharra, funk tarte lizunak eta giro garaikideak, baina baita taldearen jarioan hain ohikoak ez diren pasarte psikodeliko lasaiagoak, eta estreinakoz, gaztelaniaz abestutako doinuak.

“Eszenatokira ahalik eta ederren atera behar da. Bizarra ondo eginda, zapatekin eta alkandorarekin. Maxima horrek egundoko lerdokeria dirudi, baina ez da horrenbesterako, zure herrixka madarikatua errausten dutenean”, esan du taldeak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button