ARTEA

Optikaren eta balistikaren historia ikuspegi kritiko batetik

Tabakalerak Evil Eye: Optikaren eta balistikaren historia paraleloa erakusketa abiatu du ekainaren 4ra arte. Idazle eta kultura teorialari Ana Teixeira Pintok eta Tabakalerako programa publikoen arduradun Oier Etxeberriak komisario-lanak egin dituzte, eta erakusketa Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako jarduera publikoen zuzendari Germán Labradorrekin lankidetzan antolatu da.

Erakusketaren “oinarria inoiz neutrala ez den begiradari eta balistikari buruzko azterketa bat da, eta aurrerapen teknologikoek, optikaren aurrerakada ekartzeaz gain, armamentuaren garapenean ere baduten eraginari buruzko azterketa kritikoa jorratzen du. Optikaren historia eta balistikaren historia modu paraleloan garatu ziren eta, gaur egun, dronaren figuran, hots, hiltzeko gai den kamera batean, egiten dute bat. Dronea, telegidatutako kamera den heinean, jolaserako, aisialdirako, ekoizpen audiobisualerako eta zaintzarako erabil daiteke; baina, tamalez, eta ezkutuan, gerrarako erabiltzea geroz eta ohikoagoa da.
Optikaren garapena ikuspegi kritiko eta kulturaletik aztertzen badugu, begiradaz hitz egin behar dugu, hots, kolonialismo zuriak baldintzatutako historian neutrala edo errugabea ez den begiradaz, asmo txarreko parametro ideologikoetatik abiatuta sortutakoa baita”.

Proiektua osatzeko zenbait jatorritako artista garaikideren obrak baliatu dira: Haig Aivazian, Zach Blas, Pauline Curnier Jardin, Ho Rui An, Izaro Ieregi González, Rajkamal Kahlon, Kiluanji Kia Henda, Kapwani Kiwanga, Prabhakar Pachpute, Miranda Pennell, Natascha Sadr Haghighian eta Azucena Vieites. Erakusketarako berariaz bost ekoizpen berri sortu dira, horietako bi Azucena Vieites eta Izaro Ieregi González euskal artistek sortutakoak.

Erakusketarekin batera hainbat jarduera egingo dira modu paraleloan, ekainera arte. Adibidez, hilero emanaldi bat eskainiko da, erakusketan dauden tesiak osatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button