ARTEA

Mundu osoko argazkilari ospetsuak

Donostiako Kubo-Kutxa Aretoan argazkigintza unibertsalaren historiaren berrikusketa proposatzen da 300 irudi baino gehiagoren bidez. Hala, PHOCUS. Bilduma baten argazkia izeneko erakusketan Nadar, Doisneau edo Capa argazkilarien irudiak begizta daitezke. Erakusketa maiatzaren 13ra arte bisitatu ahalko da.

PHOCUS. Bilduma baten argazkia Kutxa Fototekak metatzen duen argazki-altxorraren laburpen txiki handi bat da. Kutxa Fototeka 1973an sortu zen, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak Pascual Marín eta Fotocar argazki-funtsak eskuratu zituenean. Ordudanik eta orain arte erosiz joan den bildumek osatzen dute Fototekaren artxiboa; 38 funts edo fondo baino gehiagotatik datozen orijinalak daude bertan eta milioi erdi argazki baino gehiago. Horrek esan nahi du Europako argazki-artxibo garrantzitsuenetako bat dela.

Funts hauen aberastasun handia bere kopuruan eta askotarikotasunean dago batez ere, eta bereziki azpimarratzekoa da argazkigintza dokumentalaren kalitatea, Donostiak eta Gipuzkoak XX. mendean politika, gizarte eta kultura aldetik izandako bilakaera erakusten baitu.

Erakusketa honek 160 egileren 315 argazki biltzen ditu, besteak beste, Nadar, Robert Doisneau, Robert Capa, Julia Magaret Cameron, Étienne Cajart, Jeremiah Gurney, José Ortiz de Echagüe, Emmanuel Souguez, Alberto Schommer edo Joan Fontcuberta. Erakusketan bertako argazkilari garrantzitsuen lanak ere mirets daitezke, adibidez, Pascual Marin edo Ricardo Martin-enak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button