ARTEA

Mundu kodifikatuan bizi gara

Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok Open Codes. We are Data izeneko erakusketa aurkeztu du gaur goizean. Urriaren 23tik urtarrilaren 26ra arte,  kodeek sortu eta gobernatutako mundu honetako teknologiaren ikuspegi eta dimentsio artistikoa, eta kultura digitalak gizartea aldatzeko ahalmena zertan diren erakutsiko da hainbat proposamen artistikoren bidez. Azkuna Zentroak eta Center for Art and Media (Karlsruhe, Alemania) Zentroak elkarrekin antolatu dute erakusketa.

Open Codes. We are Data erakusketaren bidez teknologiaren erabateko bilakaera deskribatzen da, izan ere, mundua kodeen bidez uler daiteke; eta are gehiago, geu ere DNA kode bat baino ez gara. Eta kode berri horiek sekulako eragina dute eguneroko garapenean,  izan ere, dena gobernatu ahal dute: “gure finantza-sistema, legeak eta enpresa-ereduak. Azken batean, forma ematen dute eta aukera berriak sortzen dituzte jarduera sozial, ekonomiko edo kulturala garatzeko”.

Erakusketako obrak ez daude multzoka jarrita, interkonexioak sortzeko jarriak izan dira, interkonektatuta dagoen gure munduaren zati bat dira, eta hala, # (hashtag) sistemaren bidez gaien arteko konexio dinamikoak antzemango dira. Honakoak dira gai orokorrak: #GenealogyOfCode, #Encoding, #MachineLearning, #AlgorithmicGovernance, #Labor&Production, #AlgorithmicEconomy eta #GeneticCode.

Kodeen gaineko mostran parte hartu duten artistak honakoak dituzue: Adam Słowik, Christian Lölkes & Peter Weibel, Refik Anadol, Bernd Lintermann & Nikolaus Völzow, BNAG (Oliver-Selim Boualam & Lukas Marstaller), Claire L. Evans, Emma Charles, James Bridle, Julien Prévieux, Karin Sander, Rafael Lozano-Hemmer, Ubermorgen (lizvlx & Hans Bernhard), Varvara & Mar, Arrieta/Vázquez.

Erakusketarekin batera makina bat jarduera paralelo antolatu dira publikoari begira. Hala, hainbat hitzaldi, tailer eta filmen proiekzio ondu dituzte datozen asteetarako. Open Space ekimena abian jarriko da, “kode irekiaren gaiari lotutako tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, biltzarrak eta bestelako ikuskizun publikoak egiteko diseinatutako espazioa. Espazio honen bereizgarria da edozeinek eman diezaiokeela forma edukiari. Erakusketak azpiegitura jarriko du; ikusleek, berriz, ideiez beteko dute”.

Eta diogun moduan urriaren 30etik aurrera, Zinema irekia. Etorkizun berria asmatuz zine zikloa abiatuko da bertan, “gure errealitateari buruzko zientzia fikzio, utopia eta distopien inguruko zikloa”.

Beste aldetik, azaroaren 1, 2 eta 3an, Bilbao Marker Faire, Sormen Teknologikoen Nazioarteko jaialdi handiena ere egingo dute.

Erakusketa berriaren gaineko xehetasun guztiak, Azkuna Zentroak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button