Nontzeberri

Mundu jakin baten bukaeraz

Alberdania argitaletxeak Sandra Labastieren Tximeleten eternitatea eleberria aurkeztu zuen atzo. Biarritzen bizi den idazle frantziarrak arrakasta handia lortu du eleberri honen bidez. Mitxel Murua itzultzaile zarauztarra izan da nobela euskarara ekarri duena.

Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak idazlearen gaineko zertzeladak eman zituen: “Sandrak hezkuntza erlijioso muturreraino zorrotza jaso zuen, eta, hezkuntza irentzaile hartatik aske hegaldatu nahian, Hizkuntzalaritza eta Erlijioen Historia ikasi zituen Parisen. Esan genezake ezagutzaren eta hitzaren bitartez konjuratu nahi izan zituela haurtzaroa lapurtu zion tirania erlijiosoaren zantzuak”.

Protagonista, hamahiru urteko neskato bat da, eta komunitate milenarista batean bizi da. Eleberriak urte bete hartzen du, komunitateak munduaren azkenekotzat duen urtea, hain zuzen ere, eta bost ataletan banatzen da.
Sandra Labastiek lanaren oinarria azaldu zuen: “Munduaren bukaeraz hitz egiten duela dirudien arren, mundu jakin baten bukaeraz hitz egiten digu, zehatzago esanda. Munduaren azken egunaren zain bizi den komunitate baten erdian, neskatoaren bizitzeko gogoak talka egiten du sinesmen akritikoekin, beti geroko utzitako gozatzearekin, saindutasunaren aldarean sakrifikatutako askatasunarekin…. (…) beldarra tximeleta bihurtzen duen metamorfosia gu guztion bizitzaren metafora bat da: laster hegan hasiko den neskato-krisalida igartzen hasi da iristen ari zaiola bere bizitzaren lema hartzeko unea, eta, tximeleta baten tankeran, bizitzaren intentsitate laburraz –edo laburtasun intentsuaz– gozatzeko prestatzen da. Gero eta argiago ikusten baitu ez duela beste eternitaterik ezagutuko”.

Exit mobile version