MUSIKA

Mugaldekoak Band taldearen zuzeneko berriaren binilozko singlea argitaratu da

Mugaldekoak taldeak binilozko single bat argitaratu berri du zuzeneko berriaren aurkezpen txartel gisa Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, Lokatzetan Play zigiluaren bildumaren ale berria osatuz.

Jatorrizko taldearen izenari ere Band gehituta, Mugaldekoak Band eta laukote formatuan  dator taldea oraingoan, baina ohiko pop-rock, folk, blues, country edota rockabilly  kutsuko musikarekin.

Talde berritu eta lan berriaren aurkezpenerako argitaratu duen biniloa, beraz, bi kantuz osatzen da: alde batean, Zer duzu? kantua jasotzen du, The Velvet Underground taldearen What Goes On abestiaren euskarazko bertsioa, “jatorrizkoa baino gitarra zaleagoa”, taldeak azaldu duenez. Gainera, kantu horrekin batera New Yorkeko talde mitikoaren zuri-beltzeko estetika islatzen duen bideoklip bat aurkeztu du taldeak, Raul Garcia Etxeberriak eta Mathilde Brugiere-Gardek egindakoa.

Singlearen B aldeak ere, beste bertsio bat jasotzen du, Noise Hole taldearen Zure ondoan abestiarena. Australiako rockaren melodiari atxikitzen zaion abestia da, Goietxek eta Garciak ondo ezagutzen duten kantua, talde horretako kideak izan baitziren 90eko hamarkadan.

2004an, Bernardo Goienetxe Goietxek (ahotsa eta gitarra elektrikoa) eta Raul Garcia (gitarra elektrikoa, harmonika eta ahotsak) musikariak elkartuta sortu zen taldea Edu Zelaieta idazlearen izenburu berdineko poesia libururako olerkiak musikatzeko. Atzerriko beste poeta batzuen testuak ere musikatzen jarraitu zuten gerora eta hainbat nazioarteko abeslariren kantak ere euskarara ekarri zituzten, euren kantu propioekin batera. Geroago, oinarri erritmikoa osatzeko, Xavi Perez Bull baxu jotzailea elkartu zitzaien (Inadaptats taldeko kidea); eta duela urtebete, Mattin Arbelaitz bateria jolea ere. 2017an errepidera bueltatu ziren tarte luzez isilik egon ostean eta Galdemoduen Trilogia (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko hirugarren diskoa argitaratu zuten nafarrek. Eta orain, bere laugarrenarekin sasoian dagoela erakustera dator.

Informazio gehiago, hotsak.com musikako web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button