MUSIKA

Muga, poemak eta musika batzen direnean

Xabier Montoiaren Anfetamiña (Susa, 1983) olerki liburuan oinarritutako, musika eta irudi ikuskizuna da Muga. Urtarrilaren 25ean, 19.00etan, Uhagon kulturgunean izango da saio berezi hori Itziar Beristain (ahotsa), Alberto Gonzalez (gitarra), Iñigo Romera (baxua), Iñigo Egillor (bateria) eta J.A. Areta Goñi Juxe (argazkiak) parte-hartzaileekin.

“Musika eta literaturaren arteko harremanak bide luzea eta oparoa egin du euskal kantagintzan. Maiz jo dute musikariek idazleengana kantuetarako hitzak sor zitzaten eskatzeko, edota doinua jarri diete aurrez argitaratutako poemei. Badira idazle edo liburu bati eskainitako disko monografikoak ere. Azken multzo horietako bat duzu hau”.

Alberto Gonzalez musikariak Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuari musika jartzeko sortutako proiektua da Muga. 1983an argitaratu zuen Montoiak bere lehenengo poema liburu hura,  Hertzainak taldea utzi berri eta M-ak sortzen ari zen garaian. Hortaz, “punk giroa Euskal Herrira zabaltzen ari zen garaian idatzi zituen Gasteizko idazleak olerki hauek (Sex Pistolsi eskainita dago liburua). Ondorioz, musikatik asko dute, rock&rolletik batez ere, eta drogei eta sexuari buruzko erreferentziak ere ugari dira liburu osoan. Rockaren kultura euskal poesiara ekarri zuen estreinakoz Montoiak.”

Alberto Gonzalezek Montoia erreferentetzat izan du betidanik: “Punk bat da, Euskal Herrian punka beste era batean ulertu duena, jarrera eta nortasun handikoa”. Zenbait musikarirekin bildu, bai etaEuskal Herriko rock eszenarekin harreman estua duen J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariarekin, eta proiektu multidiziplinar bat osatzea pentsatu zuen. Horixe da Muga.

Mugaren lehen diskoak iraupen laburreko zortzi abesti biltzen ditu, eta soinu ilunaren aldeko apustua egin du, “Montoiak lehen pertsonan idatzitako maitasun minezko poemei darien giroa egoki islatzen duena”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button