ARTEA

Moyra Davey, Juncal Ballestin eta June Cresporen obrak, Artiumen erakusketa-programazioaren baitan

Goian aipaturiko artisten ibilbide artistikoari buruzko erakusketa monografikoak osatuko dira aurten Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren 2020ko erakusketa-programazioaren baitan. Juan Luis Morazaren (Gasteiz, 1960) eta Gema Intxaustiren (Gernika-Lumo, 1966) erakusketen, eta 1977 eta 2002 bitartean Euskal Herrian izan ziren arte-praktikei buruzko Zeru bat, hamaika bide tesi-erakusketaren ondoren abiaraziko dituzte bertan.

Moyra Daveyren artista kanadarraren lanari eskainitako lehen erakusketa monografikoa maiatzean abiatuko da. Bilduma publiko handietan dago haren lana (New Yorkeko MoMAn eta Metropolitan Museum-en eta Londresko Tate Modern-en), eta nazioarteko hitzordu ospetsuetan ere erakutsi da. Davey-ren lana “zinemaren, argazkigintzaren eta idazketaren esparruen artean dabil, eta erresonantzia eta korrespondentzia batzuk ezartzen ditu, diziplina esparru bakar batean biltzea galarazten dutenak. Gainjartzen eta eteten diren istorioak, beti artistaren hitzaren bidez gauzatzen diren testuak, edo haren piezetan behin eta berriz agertzen diren pertsonaien hitzaren bidez gauzatzen direnak, biografiaren esparrura, literaturaren historiara eta hitzera igortzen duten aipu gisa”.

Juncal Ballestín artistaren pintura, instalazioa, bideoa, obra grafikoa irailean erakutsiko da. «Artearen ohiko zirkuituetatik urrun, Juncal Ballestínek moteltasunaren eta kontenplazioaren inguruan zimendatu du bere lana. Prozesuetan interesatua, haren gogoeta-begiradak esperientzia estetikoa jartzen du gauzen aurrean diren bezalakoak direla, eta izate hori bilakaera bat da izanez: hemen eta orain naiz», hala esaten zen artistak Trayecto Galería-n egindako bakarkako azken erakusketetako baten harira idatzitako testu batean.

Azkenik, urrian, June Cresporen piezak ikusgai jarriko dira. Crespok “gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk”.

Datorren urtearen hasieran Katinka Bock alemaniarraren obrak jarriko dira Artiumen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button