Nontzeberri

Motorrak berotzen hasia da Durangoko Azoka

Euskal kulturaren plaza bilakatzen den ezinbesteko eta urteroko hitzordua hasi da dagoeneko aurtengo egitarauaren berri ematen. Aurtengoa bere 54. edizioa izango da, abenduaren 5etik 8ra bitarte ospatuko dena.

Hala,  Plateruena Antzokia aurten ere kontzertu handien plaza bihurtuko da, Landako Guneko ateak ixten direnean, euskal musikako azken nobedadeez gozatzeko aukera paregabea izango baitu bisitariak.

Hala iragarri dute antolatzaileek eta Plateruenako oholtzara igoko direnen kartela aurkeztu dute: En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi, ibilbide luzeko taldeak ez ezik, proiektu berriak, ska doinuak, musika elektronikoa, bakarlaria edota punk-rocka. ere.. izango dira aurtengo protagonista nagusiak. Euskal musikaren egungo panoramako nobedadeak dakartzan kartela erakargarria eta Azokako bisitarien gustu guztiak asetzeko adinakoa da zalantzarik gabe.

Hala, Azokak irauten duen lau egun eta lau gauetarako planak egin nahi dituenarentzat, lehenengo gauean, abenduaren 5ean, 23:00etatik aurrera, ETS (En Tol Sarmiento) taldea igoko da Plateruenako oholtzara. Udan Euskal Herrian zehar biran ibili ondoren, bere seigarren diskoa aurkeztera dator arabar taldea, Zein erraza, ska-rock doinuez.

Ordu berean baina abenduaren 6an, ostera, misterioz jositako kontzertua izango dugu Pello Reparazen azken proiektuarekin. Talde berriak bi abesti eta bideoklip bat soilik  eman ditu ezagutzera, Errepideak eta Pater Noster, eta dagoeneko arrakasta handia lortu dute jarraitzaileen artean. Azaroaren 27rako dago iragarrita Reparazen proiektu berriaren aurkezpena. Beraz, ordura arte itxaron beharko dute jarraitzaileek nondik norakoen berri gehiago edukitzeko.

Biharamunean, punk-rock zaleentzako ezinbesteko hitzordua: Arkada Social. Gaueko 23:00etatik aurrera ere, talde arrasatearra izango da protagonista, eta euren seigarren diskoa aurkeztuko du jendaurrean. Oraindik orain ez dute bere diskoko abesti berririk ezagutarazi, buru-belarri ari baitira diskoaren grabaketa lanetan. Izan ere, Azokako kontzertu honetan aurkeztuko dute euren lan berria.

Eta hiru egun eta gau intentsuak borobiltzeko, Maider Zabalegi abeslariaren doinu goxo, alai eta dantzagarriek hartuko dute agertokia: pop-rock, baladak, countrya, kantu pausatuak, arinak, alaiak…  Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin zen abeslariak bere azken lana aurkeztuko du, Bidean diskoa, Zabalegik bakarka atera duen bigarren lana, hain zuzen.

Esan dugun moduan, estilo eta gustu guztientzako lekua izango du Plateruena Antzokiko agertokiak 54DA-ren edizioan ere.

Kontzertuen sarrerak edota xehetasun gehiagorako, durangokoazoka.eus webgurera jo dezakezue.

Exit mobile version