MUSIKA

Monte del Oso talde nafarrak disko berria argitaratu du

Monte del Oso hirukote nafarrak Existen moscas que se relajan durante el vuelo izenburuko lana plazaratu du, Underhill Records eta Farmway Records diskoetxeen laguntzaz. Iruñeko taldeak gaztelaniaz abestutako dozena bat indie doinu bildu ditu.

Diskoa Aberin estudioetan grabatu dute aurtengo urtarrilean eta Iñaki Llarenak eta Leire Arangurenek ekoitzi eta masterizatu dute. Zenbait kolaborazio ere izan dituzte grabazioan. Hala, Iñigo Iturriak gitarrak sartu ditu Esta vez sí que me entiendes eta Las personas son maravillosas pero yo no kantuetan. Borja Alcatek, berriz, teklatuak jo ditu Infinita fuerza absurda eta Viva el espíritu deportivo doinuetan.

Diskoan melodiak eta gitarra garratzak tartekatzen dira, Hüsker Dü edo Dinosaur Jr. Indie-izarren erara. Power pop garaikideko doinu bikainak dira. Diskoa, oro har, lan fina da, aurrekoaren jarraipen sendoa. Aurreko lanak, Esto tiene que doler (2015), hain zuzen oso kritika onak jaso zituen: “Power pop harribitxiak” edo “Aurtengo lanen artean ezinbestekoa”. Taldeak Primavera Sound edo Donostiakluba jaialdietan jo du. Horretaz gainera, makina bat kontzertu egin dituzte, besteak beste, Posies, Nada Surf eta Buzzcocks taldeekin.

Informazio gehiago: montedeloso.bandcamp.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button