MUSIKA

“Mojo Workin’” jaialdi beltza, asteburu honetan

Gaur eta bihar egingo da Mojo Workin’ jaialdiaren IX. edizioa Donostian. Musika beltzen inguruan ardazten den jaialdia da, eta jada erreferente bihurtu da estatuko eta Europako zaleen artean. Aurtengo izar beltzak hauexek izango dira: Spencer Wiggins, La La Brooks, Swamp Dogg eta The Original Vandellas.

Horretaz gainera, musika beltza jotzen ez duten bi talde ere arituko dira errepertorio berezia eskaintzen Mojo Workin’ jaialdian, alegia, haien artista beltz kutunen kantuak moldatuko dituzte: Las Kasettes eta Los Jambos talde nafarrak.

Kontzertuak ez ezik, DJ saioak ere izango dira, ohi bezala, tartean, Adela Dominguez, Jordi Meri, Pablo de la Cruz, Edu Domingo, Alfonso Sacristan, Artwood69 eta Dr. Punko.

Jaialdiko artista handien harira, Dolores La La Brooks 1960ko hamarkadako The Crystlas soul girl group-aren ahots nagusia izan zen. Mojo Workin’ jaialdiaren arabera, “13 urte baino ez zituen taldean sartu zenean. Bere ahots berezia gainerakoen artean nabarmentzen da parte hartu zuen grabazio guztietan”.

Spencer Wiggins, berriz, blues eta gospel estiloetatik edaten duten southern soul eta deep soul estilo intentsuen ordezkari garrantzitsua da. “Spencer jauna, Memphis-en, Tennessee, jaio zen eta karrera guztiz oparoa egin zuen Goldwax eta Fame bezalako zigiluetan. Soularen historiako altxor ezkutu handienetakotzat hartu izan da beti”.

Swamp Dogg ezizenaren atzean, bestalde, Little Jerry Williams rhythm and blues estiloko musikaria dago. Williamsek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan grabatutako kantuekin osatutako errepertorio berezia joko du, berariaz ondua Donostiako jaialdirako.

Azkenik, The Vandellas taldeak makina bat hit grabatu zituen 1960ko hamarkadan, Dancing in The Streetedo Heat Wave, besteak beste. Annette Beard eta Rosalind Ashford dira The Original Vandellas taldeko jatorrizko abeslariak. Bi horiei Roschelle Laughhunn gehitu zaie, neskez osatutako soul taldeen hirukote formatu klasikoa osatzeko. “Emaitza hauxe da: Motown garaiko urte onenetara bueltatzen gaituen ahots hirukoa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button