MUSIKA

Modus Operandi, “freskoa eta baikorra”

Betagarri desegin ostean, Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak proiektu berri bat abiatu du eskarmentu handiko musikarien laguntzaz, Modus Operandi. Bada, estreinako disko homonimoa gaur aurkeztu dute Bilboko Biba Kultur gunean, eta Ortiz de Villalbak adierazi duenez, “(Modus Operandik) ez du Betagarriren soinua islatzen, taldekide guztion batuketa baita, freskoa eta baikorra”.

Baga Biga diskoetxearen bitartez argitaratu du taldeak diskoa, eta zigilu horretako ordezkari Ritxi Aizpururen esanetan, ska, rock, soul eta reggae zertzeladekin eta hitz konprometituekin osatutako lana.

Taldea hauexek osatzen dute, Iñakirekin batera: Andoni Garcia Matxain, gitarra jotzailea (Lauroba), Enrikko Rubiños Rezola, bateria (Vendetta), Ruben Anton, tronpeta jotzailea (Vendetta), Julen Barandi Txiki, baxu jotzailea (Izaro) eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa, tronboi jotzailea (The Hot Wok). “Sei laguneko taldea behar zuen izan, eta ska zalea”, azpimarratu du Ortiz de Villalbak.

Prozesuak urte eta erdi iraun du. “Udan diskoari azken ukituak eman genizkion, eta irailean grabatu egin genuen”, esan du abeslariak eta kantuen sortzaileak. Ibilbide horretan funtsezkoa izan da Jagoba Ormaetxea ekoizle eta teknikariaren lana. “Soinu ezberdina erantsi dio diskoari”.

Diskoak hamar kantu biltzen ditu, guztiak euskaraz hiru izan ezik: Cantaré, gaztelaniaz; La Revolta dels Somriures, katalanez, eta You always be my love, ingelesez. Onintza Enbeita bertsolariak hiru kanturen hitzak egin ditu, eta Agnes Todak, berriz, La Revolta dels Somriures doinuarenak egin ditu. Gainerako testuak Betagarri ohiak idatzi ditu.

Kontzertuen harira, azaroan oraindik iragarri ez dituzten bi gaztetxetan arituko dira, eta abenduaren 1ean, Iruñean izango dira euskararen Eguna dela-eta egingo diren ekitaldietan, eta 7an Durangoko Plateruena Antzokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button