ARTEA

Miriam Ocariz artistaren kolore fetitxeak ikusgai

Urriaren 25etik otsailaren 3ra bitartean, Miriam Ocariz artistaren sorkuntza-lanik orijinalenak eta pertsonalenak Bilboko Rekalde Aretoan izango dira ikusgai.

Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Lorea Bilbaok “sortzaile bizkaitarraren erakusketa honek modaren artea gainditu egiten duela” nabarmendu zuen egunotan egindako aurkezpenean. Diputatuak zera adierazi du artistaren inguruan: “Beragan dan-dana da sorkuntza lana, diziplina desberdinetan, estilo desberdinetan aritu izandakoa da eta, jakina, oraingoan ere erakusketara hurreratuko diran pertsona guztiak harrituko dauz. Aurkeztutako lagina Bilboko diseinatzailearen iruditeria islatzen daben piezen aukeraketa bat da, Bizkaiko adimenik sortzaile eta originaletariko baten piezen aukeraketa bat, hain zuzen be.”

Sortzaile handia eta oso originala da Miriam Ocariz, gainera modaren arloan oso ezaguna da, eta hala, “soinekoaren eraikuntza eta diseinua ez ezik,  nabarmen osagai grafikoa ere erabiltzen du”. Askotan, ehuna da bere marrazkien euskarririk behinena, eta horixe erabiltzen du estanpazio-teknika desberdinen bidez akabuko emaitza lortzeko. Erakusketa honetarako, artistak aldagai asko manipulatu du marrazketan: hormetako papereko estanpatuak, soinekoak, osagaiak, etxerako arropak, etab. Modu berean, eskulturak eta instalazio bitxiak ere sortu ditu. Erakusketan barneratu ahala, ikuslea jabetuko da kolorea ildo nagusia edo haria dela. Hala, zuritik beltzera egindako saltoak, edota gorria eta Miriam Ocarizen kolore fetitxea den arrosa nabarmentzen dira.

Antolatzaileen hitzetan, “Miriam Ocarizen marrazkiek bere errealitatearen episodio bat erakusten digute, ikusleak bere egian parte hartzea lortzen duen paisaia fantastiko eta egiazkoaren irudi bat; batzuetan kontraesanez beteta dago, beste batzuetan hunkigarria da, beti gogorra eta ekina, baita delikatua ere. Erromantizismoaren eta arrazionalismoaren artean  bizi da hala bere lanean nola bere bizitzan”.

Miriam Ocariz (Bilbo 1968) ibilbide handiko artista da.  Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU-UPV) eta tituluduna da Modaren Diseinuan. Prêt-à-Porter bildumak garatzen hasi zen ezagutzera ematen, eta gerora, Bartzelonako Gaudín edo Madrileko Cibelesen aurkeztu zituen bere lanak. Apurka-apurka bere bildumak salmenta toki garrantzitsu askotan agertzen joan ziren, bai nazionalak eta bai nazioartekoak. Urte gutxitan modako firmarik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Espainian. 2004  eta 2006 urteen artean Armand Basi Mujer firmaren sorkuntza-zuzendaritza burutu zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button