IKUS-ENTZUN

Greziako zineari buruzko zikloa, Nafarroako Filmotekan

Nafarroako Filmotekak Zine greziarra izeneko programa antolatu du, martxoan. Guztira, lau film pantailaratuko dira, lehena, martxoaren 6an, 20:00etan, Jules Dassin zinegilearen Never on Sunday (Grezia, AEB; 1960).

Filmak Homer Thrace-k (Jules Dassin) eta Ilya-k (Melina Mercouri) osatutako bikotearen istorioa jasotzen du (film hau egin eta sei urtera biak elkarrekin ezkondu ziren, eta bederatzi pelikuletan aritu ziren elkarrekin).

Bikotearen arteko kimika ikaragarria da, filmean. “El Pireo-ko portuan, Atenasen, Ilya bizi da, emagaldu independente eta ezaguna, izpiritu libre eta eskuzabalekoa. (…) Bitartean, gazte intelektual estatubatuar bat, Homer Thrace portura iristen da bisitan, Platonen eta Aristotelesen Greziaren gainbeheraren arrazoien bila. Ilya eta haren bizimodua ezagutzen dituenean, bera dela gainbehera haren sinbolo bizia ondorioztatzen du eta heziketaren bidez hura ‘salbatzeko’ kanpaina txiki bati ekiten dio, prostituzioa utzi eta bizitza hobe bat bilatzeko aukera izan dezan”.

Zikloan aurkeztu diren beste hiru filmak hauexek dira: martxoaren 13an, Alexis Zorbas/Zorba the Greek (Michael Cacoyannis, Grezia-AEB, 1964); 20an, Topio Stin omichli (Theodoros Angelopoulos, Grezia-Frantzia-Italia, 1988); eta, amaitzeko, 27an, Kynodontas (Yorgos Lanthimos, Grezia, 2009).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button