LITERATURA

Miren Gorrotxategik irabazi du 2019ko “(H)ilbeltza” beka

Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel Angel Elustondok irabazi zuen, eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Iazko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen ari da Josu Barambones. Aurtengo (H)ilbeltza bekara 10 lan aurkeztu dira.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak bideraturiko beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Oraingoan sormen lana egiteko beka egokitu da, eta  Miren Gorrotxategik irabazi du Vianako bihotza egitasmoarekin. 2020ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

Epaimahaikideek azpimarratutakoa honakoa duzue: “Literatura beltza izanagatik ere, proposamenak ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten du. Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko agertoki batera garamatza. Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela aintzat harturik”.

Miren Gorrotxategi Azkune (Azpeitia, 1981) Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. 2016an lehen liburua argitaratu zuen, 33 ezkil (Elkar), Augustin Zubikarai sariari esker. 2017az geroztik kolaboratzailea da Urola Kostako Hitzan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button