LITERATURA

Mugako pentsamenduak eta poemak

Gaur, apirilak 15, arratsaldeko 19:30ean, Donostiako San Jeronimo kaleko liburutegi zaharreko sotoan, Muga (El Gallo de Oro) izeneko lana aurkeztuko da. Liburua poesia antologia bat da, elebiduna, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren poemekin osatua. Batzuk orain arte beren lanetan argitaratuak, eta beste batzuk, poema argitaragabeak dira. Hitzaurrea Jon Kortazarrek idatzi du, eta epilogoa Juan Carlos Mestrek.

Antologia honetan agertzen diren poetak, Durangon 2008an eratu ziren Poesia y Pensamiento izeneko jardunaldien bultzatzaileak izan ziren. Data haietan ere, lau poetok pentsamenduaren poesiaren gaineko hausnarketak biltzen zituen manifestu bat sinatu zuten. Harrezkeroztik jardunaldiok etengabean abiatu dituzte urtero, Durangon eta Donostian. Espazio horretan poeta eta pentsalari anitzek hartu dute parte, euskaldunek zein erdaldunek, izan ere, jardunaldion bokazioetako bat bi hizkuntzan arteko zubi-lanak egitea da, eta mugako lurraldea bilakatzea (hortik dator liburuaren titulua).
Chantal Maillard, Bernardo Atxaga, Manuel Rivas, Juan Carlos Mestre, Olvido Garcia, Joan Margarit, Juan Cruz Igerabide, Eva Veiga, Anjel lertxundi eta beste ahots asko izan dira Poesia y Pensamiento izeneko jardunaldietan.

Azken urteetan pentsamenduaren poesiak bere esparrua irabazi du euskal letretan, eta horrexegatik lan horretan agertzen diren poetek giza-ezagutza bilatzen duen diziplinaren gaineko koordenadak zabaldu nahi izan dituzte.
Mugako antologia honetan, elkarrizketa eta adiskidetasuna oinarri dituen ibilbide horren lagin bat erakusten da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button