LITERATURA

Miren Amurizak “Zazpi Kale Saria” jaso du

Gaur, ekainak 4, Bilboko 49. Liburu Azokaren barruan, Miren Amurizak Zazpi Kale Saria jaso du. Udaleko kultura zuzendaria Iñaki Lopez de Aguileta, eta azokako arduraduna Asier Muniategi bertan izan dira saria emateko.

Sari hori urtero banatzen da euskal idazleen artean, argitara emaniko libururen batek hala merezi duelako. Aurtengo saria Basa (Elkar) lanarentzat izan da, eta saritua, hein berean, bere idazlea, Miren Amuriza.

Asier Muniategik adierazi duen moduan “Basa lanean mundua ikusteko begirada berezia topatuko du irakurleak, gauza dezenteri buruz berriz hausnarrean paratuko zaituena, abiadura handiko lana, eta pertsonaia baten genialitatea omentzen duena. Hitz batean, zoragarria da lana”.

Miren Amurizak eskerrak eman ditu “liburuaren gainean foku bat piztearren, hainbeste libururen artean norberarengan argitxo hori ipintzearren”.
Beste aldetik, eskerrak ere eman nahi izan dizkie, idazle lagun eta irakurleei, “idaztea prozesu bakartia baita, eta horretan ere ahizpa askoren babesa sentitu baitut. Indibidualak diruditen jardunak egiterakoan, inportantea da sare bat edukitzea, eta elkarrengan sinestea.”

Eta idazteak dakarren arriskuaz ere mintzo da, “zeu zarela besteak baino argiago, bereziago edo espezialagoa pentsatzea”. Baina ez da egia, “nik babes bat eduki dut, baliabide gehiago eta horrek lagundu nau”.
Horrek guztiak ahizpa-lanean segitzeko animatzen du, “besteengandik jaso, besteei emateko”.

Lanaren sinopsia honakoa duzue: Zaharra da Altzerreka, erreka-bazter ainube batean dagoen baserria. Zaharra bertako seme Henry, urte luzez Ameriketan artzain ibilia, zangoa anputatu ziotenez geroztik ohean datzana. Zaharra da Sabina Gojenola ere, koinatu elbarria eta etxaldea egoskorkeriaz gobernatzen dituen alarguna. Seme-alabek egunerokoa erraztu nahi dioten arren, uko egiten dio modernitateari, erosotasunari, inork ezarritako arrastoan sartzeari… Behiekin, ardiekin, txakurrekin, katuekin bat egiten du ondoen Sabinak, animaliei baizik ez die gozotasunik adierazten. Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzoekin, dena liskar eta norgehiagoka.
Mundu ikuskera baten akabera kontatzen digu Miren Amurizak, modu zehatz eta indartsuan, pertsonaia baten eta gizarte eredu hil-hurren baten erretratu gordin bezain fidela eskainiz, hizkuntza malguz eta estilo sendoz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu