LITERATURA

Miren Agur Meabe, 111 Akademiaren Saria

111 Akademiako kideek Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren Kristalezko begi bat eleberria izendatu dute iazko obrarik gogokoena eta, beraz, 2013ko saria irabazi du.

Elkarteak erabakiaren prozeduraren emaitzak argitzeko honako testua bidali digu: “111 Akademiako akademia-kideek hautatu eta izendatuta, Miren Agur Meabek idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Kristalezko begi bat eleberriak jasoko du 2013ko 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 4an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2013an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 193 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua izan ziren bi finalistak, eta Meaberen eleberriak jaso du boto gehien; idazle lekeitiarraren lanak hamahiru botoko aldea atera dio Epaltzaren nobelari. Aurreko bi txandetan ere Kristalezko begi bat izan zen boto gehien jaso zuena”.

Gauzak horrela, orain irabazleari saria ematea baino ez da geratzen. Maiatzaren 8an ospatuko da 2013ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, arratsaldeko 19:30ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button