ARTEA

Mikrokosmosetik landuriko paisaiak

Javier Alkain margolariak Isil, Bare izeneko erakusketa paratu du Donostiako Arteko galerian. Martxoaren 28ra bitartean ikusgai izango dira galeria horretan makina bat esanahi luzatzen dituzten obrak.

Hamarkada bat pasatu da artistak bere azken lanak erakutsi zituenetik. Orain, paisaia da ardatza eta gako nagusia, eta erdigunerik ez izatea du ezaugarri. Txoko bakoitza zaindu eta txukunduz, marrazkia gainjarritako geruzen arteko zirrikituetatik sortzen da, airea eta argia iragazten dituzten egiturak osatuz. Leku batzuetan, begirada behatutako azaleko leku batetik bestera joan behar izaten da, ikuslea eremu kontraesankor (huts-betea) horretan barrena paseatuz.

Alkainek mikrokosmosetik landuriko paisaiak egiten ditu; detaileak ditu gustuko eta aztergai. Geometria abstraktuak eta estruktura arkitektonikoak erabiltzen ditu edertasunaren zentzuari forma emateko. Landuriko piezek arreta handia eskatzen dute, kontenplazio sakona.
Lurraren bazterrak, lekuen lekuak, urruneko paisaiak dira bere inspirazio iturri. Minimalismoaren bidez, errepikapenak egiten ditu, adierazpen minimoa maximo bilakatu arte.

Artelekurekin izan zuen harremana eta hantxe burutu zituen bere lehen erakusketak, 1990ean. Sari askoren jabe da: Bancaja saria, Gure Artea eta Endesa Beka. Bere tailerrean egiten du lan egunero, moda eta joeretatik aldendurik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button