ESZENA

Korrika Kulturalaren eskutik "Hura ez da lekua" lanaren estreinaldia

Musika, poesia, pintura eta antzerkia uztartzen dira Hura ez da lekua eszenaratzean.
Oier Gillanek luze eta zabal adierazi digu zertan den proiektu hau: "Hura ez da lekua, Eskuen sustraiak ikuskizunean parte hartu genuenok sortu dugu, Iñigo Ortega aktorea taldera gehituta (metrokoadroka sormen laborategia izeneko plataforma sendotu dugu lana sinatzeko). Eskuen sustraiak ikuskizunean musika, poesia eta pinturaren bidetik oholtzan elkarrekin egoteko modu bat topatu genuen, Hura ez da lekuarekin horretan sakontzen saiatu gara antzerkia gehituta. Hainbat hilabete eman ditugu lanean, esperimentatzen, eta lengoaia ezberdinen arteko zubiak bilatzen. Hori izan da hain zuzen ere zailena, erronkarik handiena. Hura ez da lekua beraz elkarrekin egindako bilaketa horren emaitza da, oraindik emanaldiak egin ahala garatzen jarraituko dugun ikerketa bidea.

Hura ez da lekuan elementu ezberdinek elkar kutsatu dute: pertsonaia teatrala (Iñigo Ortegak antzeztua) espazio poetiko batean mugitzen da, musikak eszenak iradokitzen ditu abestiak baino gehiago, poesia ikuskizunaren beharren arabera idatzi dugu berariaz, pinturaren beharrek definitu dute espazioa eta dramaturgia.

Edukiari dagokionez, gogoeta komun batetik abiatu ginen: heriotzaren aurrean, bizitzaren eguneroko zamaren aurrean, zoriontasuna da mendeku posible bakarra. Zoriontasuna jarrera politiko bat izan daiteke, politikaren zentzu zabalean. Ez dugu han dagoen zoriontasunik nahi, han dagoen askatasunik, han dagoen helbururik. Ez dugu inoiz iristen ez den zoriontasunik nahi. Zoriontasunak une bat irauten du agian, ahalik eta unerik gehienak biltzea ote da kontua? Hau guzti hau etxez etxe dabilen saltzaile baten begietatik jasoko dugu, bere bizitzako egun baten lekuko izanik."

Otsailaren 24an duzue Hura ez da lekua lanaz gozatzeko aukera. Badakizue, Errenteria/Oreretan, Niessenen, 20:00etan, Korrika Kulturalaren eskutik.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button