MUSIKA

Mikel Uraken eta Hartz musikariak, “Arkupehotsak” ekimenean

Asteburuan, Arkupehotsak egitaraua hasiko da Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. Hala, larunbatean, 23:00etatik aurrera, Azkoitiko Hartz taldeak eta Bilboko Mikel Uraken musikariak joko dute. Arkupehotsak programazioaren baitan, hilero emanaldi bat egingo da, debalde.

Mikel Uraken (Bilbo, 1982) kantautoreak Neguaren ostean izenburuko diskoa aurkeztuko du. Grabazioan zazpi doinu berri bildu ditu Urakenek, guztira 42 minutu. Andoaingo Garate estudioetan grabatu du, analogikoki, eta Kaki Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean, eta Javi Letamendia musikari (El Inquilino Comunista, We Are Standard) eta teknikari bizkaitarrak ekoitzi du.

Tradizioan sustraitutako euskal folk garaikideko zazpi doinu bildu ditu bilbotarrak diskoan, gordinak, eta era berean sentikorrak, Laboaren eta Bon Iver kanadarraren itzalak bereak eginez. Gorka Erostarbe (Berria, Badok.info)  kazetariaren aburuz, “apustua ederra, ausarta, eta hunkigarria” da. Staff Magazine argitalpeneko Angel Ignaciok, halaber, hauxe esan du Urakenen lanaren harira: “Disko preziosista da, talentua eta bere lanarekiko konpromisoa haizatzen dituenak”.

Hartza hirukotea, berriz, 2016an eratu zuten ondoko musikariek: Intza Arakistain, bateria; Axi Etxeberria, baxua eta Beñat Rodriguez, ahotsa eta gitarra. Rock talde gaztea da eta maketa bat argitaratu dute, bost kantukoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button