ESZENA

Metrokoadroka Kolektiboak poema bisual bat oparitu nahi dizue

Metrokoadroka Kolektiboak konfinamendu egoera honetan zaudetenentzat animoak bidaltzeaz gain, poema bisual bat oparitu nahi dizue.

Duela urtebete, 2019ko apirilaren 5ean, antzokira egokitutako site specific bat egin zuten Zauri Bolodia performance izenburuarekin, Bilboko Dantzertiren enkarguz. Hiru egunez antzokian jardun zuten lanean, eta txoko ezberdinetan pieza poetiko eta fisikoak sortu zituzten, haien artean ibilbide bat osatuz. Piezak lotzeko Zauri Bolodia pertsonaia sortu zuten, eta bere ahotsean testuak tartekatzen joan ziren. Ainhoa Alberdi eta Maite Aizpurua ikusiko dituzue oholtzan, Javier Barandiaranek jarri zuen kanpo begirada, Oier Guillanek testua eta ahotsa, Idoia Beratarbide eta Asier Sarasolarekin batera sortu zuten emanaldia osotasunean.

“Performance hartan esaten genuen antzerkia, edo sormena, edo artea, edo elkartasuna, masaje baten modukoa izan daitekeela mina dagoen lekuan. Masajea egiterakoan mina areagotu egiten da une batez, baina gerora betirako desagertzeko. Hari horretatik tiraka etorri zen jarraian duzuen pieza, eta amaieran entzun daitekeen testua. Zuen minak apur bat arinduko dituelakoan, jaso ezazue gure besarkadarik estuena!”

Gaurko egunetako giro eta egoerarekin bat egiten duen testu bat ere igorri du Metrokoadroka Kolektiboak. Irakurtzea merezi du.
“Batzuetan pentsatzen dut bizitzak, edo munduak, anarkismo berri bat behar duela. Nik ez dakit askorik anarkismoaz, ez naiz korronte historikoez ari. Uste dudana da ezintasunaren aurrean agian ezin dela iraultzak behar duen kaosa antolatu eta administratu. Agian maitasun ekintza anonimoak, bat-batekoak, solidarioak behar ditu garai honek izurrite bat bezala. Maitasunezko ekintzen terrorismoa, enpatia ilogikoa, elkartasun indiskriminatua eta anonimoa.
Ezezagun bati mina arintzea, ezezagun bati elkartasuna adieraztea, ezezagun bat laguntzea, hark zure berri sekula izan gabe. Slavenca Drakulic-ek kontatzen du behin ezezagun batek giltzurrun bat donatu ziola. Obsesionatu egin zuela horrek, eta bilatu ere egin zuela. Erizaina zen giltzurruna oparitu zion ezezaguna. “Zergatik oparitu didazu giltzurrun bat ni ezagutu gabe?” galdetu zion. “Norbaitek egin behar zuelako”, erantzun zion berak. “Eta zure seme edo alaba batek inoiz beharko balu?” berriz ere Slavencak, harriturik. “Ba orduan espero dut beste norbaitek inoiz gauza bera egingo duela beraiengatik”, erantzun zion erizainak. Drakulic-ek liburu bat idatzi zuen elkartasuna ezezagunei adierazten dieten pertsonei buruz, eta liburua erabateko porrota izan zen antza, inor gutxori interesatu zitzaizkiolako pertsonen gauza “onei” buruzko istorioak.
Elkartasuna probokazioa baino probokatzaileagoa izan daiteke, zinez. Egungo garai beltzetan zer izan daiteke sistemarentzat beldurgarriagoa trukean ezer kapitalizatu nahi ez duen ezusteko elkartasun keinu bat baino?”

Ikusi hemen bideoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu