Nontzeberri

Mendia eta musika elkarturik, “Urmuga” proiektuarekin

Urmuga uztailaren 14tik abuztuaren 1era arte, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen mendi ibilaldi musikatua da. Lerro horrek ekialdetik mendebaldera egingo du, Angulo mendatetik Hiru Erregeen Mahairaino, Urduñatik Izabaraino, eta inguruko herrietan eta mendi tontorretan musika emanaldi berezi eta ikusgarriak egingo dira.

Urmuga mendizaleak, Felipe Uriarte duela 40 urte Everesteko euskal espedizioko kideak gidatuta, eta Euskal Herriko musikari handi eta ezagunek osatuko duten proiektu nazionala da. Edozein mendizalek aukera izango du Urmuga osotasunean burutzeko edo astebeteko zatiren bat egiteko, bai eta mendi kontzertuez gozatzeko ere.

Et Incarnatus Orkestraren 15 bat partaidez osatutako hezurdura izango da oinarrian, eta horren osagarri Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musika interprete eta kantari esanguratsu gonbidatuko dituzte proiektuan parte hartzeko, tartean, Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Eltzegor, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari, Maddi Oihenart, Euskal Barrokensemble, Igor Elortza eta Unai Iturriaga, eta abar.

“Ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera, eta Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu urak. Ertz luze eder honek Urmuga du izena. Salbada Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaiaraino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran. Mendizaleak eta musikazaleak garen hainbat lagun batu eta ertz eder honetan musika imajinatzen hasi ginen.”

Exit mobile version