ESZENA

“Mendi-Mendiyan” opera kalera aterako da ekainean

Jose Maria Usandizagaren harribitxi lirikoaren opera-ikuskizunaz gozatu ahalko dute bilbotarrek kalean, ekainaren 22an.

Hala, Bilboko bost auzotan jarraitu ahal izango da pantaila erraldoien bitartez, Arriaga Antzokian 19:30ean, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean interpretatuko den Usandizagaren lehen konposizio lirikoa, dohainik eta zuzenean.

Ekimen berezi horren bitartez, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udalak lehen mailako ikuskizun lirikoaz kalean gozatzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Era honetan, ekimenaren xedea, kultura sozializatzeko urrats bat ematea da, Europako herrialde batzuetan egin ohi den antzera, operak edota musika klasikoen kontzertuak kalean proiektatuz.

Hartara, Bilbon bost pantaila erraldoi jarriko ditu Udalak: Ibarrekolanda plazan, Errekalde plazan, Otxarkoagako Angela Arregi plazan, Zorrotzako pilotalekuan eta Azkuna Zentroan.

Arriaga Antzokiak ekoiztutako lan handiaren zuzendaritza eszenikoa eta artistikoa Calixto Bieitoren ardurapean dago, obrari bere zigilu pertsonala jarri diona. Eta berarekin batera, Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatuz, Erik Nielsen musika zuzendaria arituko da.

Mendi-Mendiyan ikuskizuneko bakarlariak ere lehen mailakoak dira, nazioarte mailako ahots liriko azpimarragarrienetakoak. Hala, Ausrine Stundyte soprano lituaniarrekin batera, munduko agertoki onenetan ibilbide bikaina egiten ari den Mikeldi Atxalandabaso euskalduna egongo da. Beste abeslari bikain batzuk ere arituko dira, hala nola, Olatz Saitua, Mikeldi Christopher Robertson, José Manuel Díaz eta Gexan Etxabe.

Gainera, Bilboko Koralaren partaidetza ere egongo da, operaren indarra bertako ahotsekin haizatuz. Izan ere, lotura estua du Elkarte honek Mendi-Mendiyan obrarekin, Bilboko Koral Elkarteak berak 1909an Usandizagari agindutako opera delako, 1910eko maiatzean Campos Eliseos Antzokian estreinatu zuena.

Informazio osoa Arriaga Antzokia duen web orrialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button