IKUS-ENTZUN

“Mendi Film Festibala” sendoago, modernoago eta iraunkorrago

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute egitasmoa berri bati ekiteko. Hemendik aurrera, BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaia izena eroango du jaialdiak.

Hala adierazi dute gaur goizen prentsaurrekoan, Euskara eta Kulturako Foru Diputatu Lorea Bilbaok, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzi Ordezkari Xabier Ochandiano, BBK-ko Gizarte Ekintzako Zuzendari Nora Sarasola, Mendi Film Festival-eko Presidente Eduardo Martinez, eta Mendi Film Festival-eko Zuzendari Jabier Baraiazarrak.

Itun berri horren arrazoia azaltzeko, Mendi Festibalak dituen datu ederrak daude: “azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Iaz, Mendi Tour pelikula emanaldi ibiltaria batuta, 26.000 ikuslek gozatu zuten Mendi Filmen eskaintzaz”. Gainera jaialdiaren zuzendaria Jabier Baraiazarra gaur egungo Alliance for Mountain Film-eko Presidente da. Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia da nazioartean, eta gaur egungo nazioarteko jaialdirik inportantenetako bat, sekulako proiekzioa baitu.

Gaur goizean ere, Mendi Filmen 12. edizioko kartelaren  irudia aurkeztu dute: Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren Top of Africa. Irudian Kilimanjaro (Tanzania) mendiko azken glaziar arrastoetan Will Gadd izotz eskalatzaile famatuak egindako izotz eskalada bitxia erakusten du. Irudiak, bere ederrean, klima aldaketari buruzko hausnarketa gordin eta beharrezko bat proposatzen du.

Azkenik, WOP Saria 2019ko saridunak ere aurkeztu dituzte:  Nives Meroi eta Romano Benet mendigoizaleak. Bikoteak hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu ditu. “Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda. Tartean, geldiune bat, sokada eta bikote honen giza balioak goratzen dituena: Romanok gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Nivesek erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi-mendietako erronkekin. Hezur-muin  transplante bi jaso eta gero, jarri zen osatu bidean Romano, eta hala eutsi zioten berriro munduko hamalau gailur garaienak egiteko proiektuari”.

Azkenik esan behar da, BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. edizioko lehen sarrerak salgai jarriko direla ekainaren 26 eta 27an, 48 orduz, eta kopuru mugatuan.

Jaialdi berriaren inguruko xehetasun guztiak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button