Nontzeberri

Mendi, abentura eta natura guztia, Mendi Film Festivalen

Gaur, abenduak 9, hasiko da hamar eguneko zinemaldia Bilbon, non mendia, abentura eta natura uztarturik agertuko baitira pantailaratuko diren filmik ikusgarrienetan. Filmen proiekzioez gain, egitarauan mahai inguruak, hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak ere badaude.

Bilbao Mendi Film Festivalaren bederatzigarren edizioa hastear da. Hilaren 9tik 18ra, mendiaz, abenturaz eta naturaz gozatzeko aukera egongo da Sail Ofizialean proiektatuko diren 43 pelikulari esker.
Euskalduna Jauregian egingo den gaurko hasiera ekitaldian, Sail Ofizialeko lehen filma proiektatuko da, Greg Khos estatubatuarrak zuzendutako The Great Alone. Saio Ofizialetik at eskainiko diren filmetan, azpimarratu Incognita Patagonia. EƱaut Izagirre elgoibartarrak eta Ibai Rico gasteiztarrak, eta Evan Milles estatubatuarrak, Patagoniako Cloue izotz eremuan esplorazio eta zientzia ikerketarako espedizioa egin zuten. National Geographic elkarteak Young Explorers beka eman zien 2014ko Bilbao Mendi Film Festivaletik bideratuta.

Eta datozen egunotan, oso hitzordu interesgarriak izango dituzue. Abenduaren 10ean, larunbata, Mendifilmeko unerik beroenetakoa eskainiko dute Alex Txikon eta Ali Sadparak Nanga Parbatera eginiko neguko lehen igoera hizpide dutela.

Alpinismoak eman dituen figurarik esanguratsuenak ere Bilbora hurbilduko dira. Hala, azpimarratu behar da abenduaren 17an The Walk On Project Fundazioa Saria jasoko duen Sir Chris Bonington alpinistaren bisita, edota Jean Troillet mitikoarena, eta David Lama alpinista gaztearena.

Film ikusgarriekin batera argazkilaritzari ere tarte zabala eskainiko zaio, eta hala, CVCEPHOTO mendiko argazkilaritza lehiaketaren 2016ko edizioko lehen hiru sarituak, Krystle Wright australiarra, Yhabril bilbotarra, eta Paul Bride kanadiarra Bilbon izango dira euren obrak aurkezteko. Erakusketak paratuko dira metroan eta Rekalde aretoan.

Noiz eta zer ikusi nahi baduzue, hemen duzue programazioa.

Exit mobile version