LITERATURA

Menderakuntzaren istorio latza

Mari Sandoz idazleak Oglala Bitxia lana argitaratu zuen 1942an, eta orain Aitor Fresnedo Gerrikagoitiak euskarara ekarri du Zaldi Zoro (Ataramiñe) titulupean. Siux edo Lakota nazioko tribuetako bat da oglalena, eta Zaldi Zoro herri horrek eman duen buruzagi nabarietako bat da.

Lan horretan Zaldi Zororen biografia dramatizatua agertzen da, eta egileak egindako bilketa zorrotzari esker, pertsona hura ezagutu zutenen zuzeneko testigantzak bildu eta hamaika iturri bibliografiko arakatuta osatu du lan mamitsu hau. Liburu hau ingelesez, zapaltzaileen hizkuntzan, emana datorren arren, egileak indiarren ahozko konta-tekniketara ez ezik haien mundu ikuskerara ere hurbiltzeko ahalegina egin zuen.
“Ezin uka liburua funtsean menderakuntza historia latz bat denik. Aldi berean baina, herri baten nortasunaren eta askatasunaren aldeko aldarritik ere asko du. Bakean bizi nahi eta ezina. XIX. mende erditik Ipar Amerikan burutu den akulturatze eta konkista prozesu bortitzaren lekuko izango gara: usadioak, gerra ekintzak, jazarpena… Kapitalaren logikatik at geratua den mundu baten bizirik eusteko kinka larria. Trenbidearen, urre biltzaileen eta ejertzitoaren hedatzearekin batera  lur gabetutako bufalo ehiztarien gainbehera dator. Lurraren defentsan egindako borroka eta nozitutako asimilazioa Zaldi Zororen bizialdian gorpuztua azaltzen da”.

Beste herri askorekin gertatu den bezala, Siux nazioa ez da aingeru-herri bat, baina bere kontraesan eta gorabehera guztiekin libre izaten jarraitu nahi du.

Aitor Fresnedo Gerrikagoitia 1996az gero preso dago, eta liburuak kontatzen duen historia nagusiaz gainera, itzulpena bera ere bada gaur egungo beste historia eder eta gordin baten parte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button