ARTEA

Memoriaren eta haren berreraikuntzaren gaineko irudigintza

2015eko  Argazkilaritza  Sari  Nazionalaren  irabazleak,  Juan  Manuel  Castro  Prietok,  memoriaren  berreraikuntzaren  gaineko  gogoeta  egin du Cespedosa  izeneko erakusketan.  Donostiako Kutxa Aretoan ikusgai izango dira bere argazkiak uztailera bitartean.

Proiektu  hau  leku  jakin  bati  ateratako  argazki  sorta  hutsa  baino  gehiago  da: “bizitoki  ditugun  lekuekiko  identitatearen  gainean  gogoeta  egiteko  aukera” bat ere bada.
Kasu honetan, Cespedosa  de  Tormes  da  abiapuntua,  eta  horrexegatik oso  proiektu  pertsonala  da.  “Haren  haurtzaroaren,  lehen  oroitzapenen,  gaztaroaren  eta  maitasunaren  agertoki  izan  da,  eta  egilea  behin  eta  berriz  itzultzen  da  hara,  eta  bertan  igarotzen  ditu  denboraldi  luzeak”.

Sei  ataletan  banatutako  184  argazkiren  eta  2  bideo  osagarriren  bidez,  Castro  Prietok  Cespedosa  bat  aurkezten  du,  “ohiko  dokumentalismotik  harago  doana  eta  egilearentzat  leku  magiko  gisa  jarduten  duena,  bertan  askatu  egiten  baititu  bere  ametsak  eta  sormenezko  irrikak”.

Juan  Manuel  Castro  Prieto  (Madril,  1958)  modu  autodidaktan  hasi  zen  argazkilaritzan.  1990ean,  Cuscora  (Peru)  bidaiatu  zuen. Bidaia  horien  emaitza  izan  zen  Perú,  viaje  al  sol  (Peru,  bidaia  eguzkira)  lana,  PHotoEspaña  (PHE)  jaialdiaren  2001eko  edizioan arrakasta  itzela  lortu  zuena  . Hainbat  sari  ere jaso  ditu,  hala  nola  César  Vallejo  saria  (Peru,  2001),  Bartolomé  Ros  saria  (PHE,  2002)  eta  Madrilgo  Erkidegoko  Argazkilaritzako  saria  (2003).  2015. urtean,  Argazkilaritza  Sari  Nazionala  jaso  zuen.

Bere obraz honakoa esan dute adituek: “Haren  irudietan  beti  izaten  da  misterioa,  ezinegona  eta  edertasuna.  Argazkien  atzean  sinbologia  sotil  bat  ezkutatzen  da,  irudiak  zuzenean  lotzen  dituena  artistaren  iruditerian  behin  eta  berriz  agertzen  diren  gaiekin,  jaiotzarekin,  heriotzarekin,  memoriarekin,  sexuarekin  eta  erlijioarekin,  besteak  beste”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button