ESZENA

“Meeting Point” eta “Topa” lanak ikusgai, Berrizen

Dantzaren XV. Zirkuituak Ertza eta Kukai & Brodas Bros konpainien koreografiak eroango ditu Berrizera bihar, uztailaren 2an. Herriko eskolako patioan izango dira ikusgai, 18:00etatik aurrera.

Berrizko San Pedro eta Santa Isabel jaietan, kaleko bi dantza-ikuskizun ikusteko aukera izango da. 2017ko Kale Ikuskizun Onenaren Max sariduna den Ertza konpainiaren Meeting Point koreografia, eta Kukai & Brodas Bros taldeen Topa eskainiko dituzte XV. Dantza Zirkuituaren barruan.

Meeting Point lan sarituarekin (XVIII. Umore Azoka Leioak Ertza taldearen obra ere saritu zuen Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria emanez) jendeak topo egiten duen tokiez, eta hori gerta dadin gurutzatu behar diren putzuez eta itxaron behar den denboraz hausnartu nahi da. “Herrialde berdinetik, baina elkarren artean urrun dauden bi hirietatik datozen bi gaztek, 8.000 kilometroko putzua gurutzatu behar izan dute eta urte batzuk pasatzen utzi, planetaren beste punta batean topatu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzera iristeko. Eta konturatzeko nola askotan, gure bizitzako labirintoa osatzen duten bideak, besteenarekin gurutzatzen diren, eta hortik aurrera, pertsona berriak bilakatzen garen”.
Break dance eta hip hop bezalako lengoaiak nahasten diren leku berri hori deskubritu eta dantza garaikidearen begiradapean espazio berriak sortzen dira.

Jon Maya eta Lluc Fruitos dantzarien batuketatik sortu da Topa izeneko lan koreografikoa. Kukai Dantza taldeak hala definitu du obra hau: “Lau gazte plaza batean daude. Gure hirietako edozein plaza izan liteke. Musika entzundakoan gazteak dantzari ekin diote. Ohikoa da haientzat. Haien adierazpidea da. Dantzari esker dira diren bezalakoak.  Euskal dantza tradizionalean trebatutako dantzariak dira batzuk. Hip hop-eko dantzariak beste batzuk. Kaleak batzen ditu, haien bizi-esparruak, alegia”.

Topa ikuskizunak lau interpretatzaileren batura proposatzen du. Hala bada, nork bere jatorri artistikoei uko egin gabe, talde bizi eta energiko batean elkartuko dira, elkarrenganako ezagutzaren bidez interpretatzaileak aberastu ahal izan daitezen.
“Kaleko adierazpen garaikideak dira, hirietako plazetan gaur egun elkarrekin aritzen direnak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button