ESZENA

“Martin Zalakain” ikusgarria, Andoainen

Juan Antonio Urbeltz zuzendari eta koreografo, Ander Lipus zuzendari eszeniko eta antzezle, Harkaitz Cano idazle, Mikel Urbeltz musikari, Itziar Otamendi dantza maisu, Amaia Bueno jantzien diseinugile eta Josu Garate dantzariaren eskutik Martin Zalakain obra ikusgarria sortu da, Argia dantza taldearen partaidetzarekin batera. Ikusgarria bi aldiz ikusi ahalko da larunbatean, urriak 20, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 20:00etatik aurrera.

Dantza eta antzerkiaz haratago doan obran, Juan Antonio Urbeltzek, Ander Lipusek eta Harkaitz Canok bat egin dute Pio Barojaren Zalacaín el aventurero eleberrian oinarritutako ikuskizun dramatiko berria egiteko xedez. Pío Barojak 1908an idatzi abentura eleberri honek Martin Zalakainen historia harrigarria kontatzen digu.

Juan Antonio Urbeltzek gidatutako Argia dantza konpainia donostiarraren egitasmoa da ikuskizuna. Aditu honek hain ondo ikertu eta ezagutu duen euskal dantza tradizional garaikidean oinarri bat ezarri nahi du “dantzarako antzerki dramatikoaren ildotik”, izan ere, betiko dantza tradizionaletan oinarriturik bestelako proposamen berriak sortu nahi izan ditu. Ikusgarria Xiberoko antzerki tradizioan oinarritzen da, pastoralean bereziki, baina italiar Pizkundeko aberastasunetan ere bai, Luis XIVak Frantzian asmaturiko baletan edo XX. mendeko errusiar baletetan. Taula gainean, Ander Lipus antzezleak, kontakizunaren kontalariak, Pío Baroja ordezkatzen du.

Jantzitegiak ere sekulako garrantzia izango du obran, elementu horrek eszena bikaina adornatzen baitu, eta ikusgarriago gertatuko zaio ikusleari. Eta bestetik musika ere parte inportante bat izango da ikuskizunaren baitan. Mikel Urbeltz musikariak adierazi duen bezala, “dantzarako musika egin dugu, bai eta soinu banda jantziko duen musika ere”. Fikzio dramatikoan oinarritutako obra izanik, gure musika tradizionalekin batera beste musika batzuen aberastasuna uztartu dute bertan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button