Nontzeberri

Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu da

Martin Ugalde Kultur Parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde Bekaren aurtengo deialdia zabaldu dute.

Aurtengo beka deialdiaren gaia, Euskal Herria euskal hedabideetan izango da, hots, nola irudikatzen duten Euskal Herria euskal hedabideek. Edo beste modu batera esanda, nola izendatzen den euskal lurraldea hedabideetan, eta izendapen horren azpian, zein den lurraldearen eremua, zeintzuk diren mugak, hain zuzen ere.

Irailaren 2a arte aurkeztu daitezke proiektuak, eta irabazleak 8.000 euro jasoko ditu.  Idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkeztu daitezke proiektuak, argi adieraziz zein euskarritan landuko den lana. Hartara, dokumentazioa aukeratutako euskarri horren arabera aurkeztu beharko da. Lana urtebeteko epean garatu beharko da.

Epaimahaiari dagokionez, bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da, eta lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik, Martin Ugalde Kultur Parkeak duen web atarian  jakinaraziko da nortzuk osatuko duten epaimahai hori.

Bi urtetik behin ematen den Martin Ugalde Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: batetik, Martin Ugalde kazetari, idazle eta politikari, eta batez ere, euskaltzale amorratuaren figura bera ikertzeko, eta bestetik, euskal kazetaritza gaineko ikerketak egiteko.

Bekaren oinarrien xehetasun guztiak eta informazio osoa, Martin Ugalde Kultur Parkea web atarian dituzue.

Exit mobile version