ARTEA

Marrazkiaren manifestu pertsonala

Atzo, Rekalde aretoak Eduardo Gruber artistak arkatzez eta grafitoz egindako formatu handiko marrazkien erakusketa aurkeztu zuen: Utopia. Uztailaren 16tik urriaren 13ra arte ikusgai egongo da.

Erakusketak formatu handiko eta trazu  konplexuko marrazkien aukera-sorta bat da; batzuk zaharragoak dira eta beste batzuk berriagoak, “gaurkoaren eta antzinakoaren arteko keinuak ere posibleak direlako”; hortaz, artistak ez du ordena kronologikorik ez serialik jarraitu erakusketa hau muntatzeko

Erakusketaren hasierako partean, marrazki txiki multzo zabala bildurik dago Cuadernos de viaje izeneko saila (1988-2004), koaderno zaharretan eginikoak, sinpletasun eta era berean egunerokotasunean murgildurik. Guztietan datak, eta tokien izenak agertzen dira.

Obra guztietan utopia eta denboraren inguruko iradokizunak agertzen dira. Nabarmentzekoa da erakusketa zabaltzen duen erloju gaindimentsionatua, non denboraren kontzeptua islatu nahi izan duen. Horretaz gain, hainbat marrazki-sail bildu dira, hala nola, Acuarios eta Boxeo sailak.

Erakusketa Madrilgo Alcobendasko Arte Zentroan egon da ikusgai hona etorri baino lehen.

Eduardo Gruber (Santander, 1949) bere belaunaldiko artistarik nabarmenetako bat da. Bere obra etengabeko bilakaeran dago, bide askotatik ibili baita: figurazio eta hiperrealismotik, abstrakzio eta informalismotik, eta sartu-irtenak egin ditu musikan, eszenografian, arkitekturan, idazketan eta argazkigintzan. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button